'Jantzea Plazetan' Bilboko kaleetara helduko da barriro be zapatuan

Bizkaie! 2018-01-25 10:57   Kulturea

Uriko hainbat barrutitan 50 erromeria, jantza erakustaldi eta kalejira inguru izango dira.

'Jantzea plazetan' | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal folklore herrikoia bultzatu nahi dabe Bilbon erromeria tradizionalen, jantza erakustaldien eta kalejiren bitartez. Jantzea Plazetan programeak hamazazpigarren denporaldia dau aurtengoa eta zapatu honetan, hilaren 27an, jarriko dau martxan Bilboko Udalak.

Urte osoan zehar Deustu, Ibaiondo, Begoña eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan banatuko dira 49 ekitaldiak eta honeek atontzeko Bilboko zortzi jantza talde ibiliko dira laguntzen: Salbatzaile Taldea, Bihotz Alai Folklore Taldea, Gaztedi, Ibai-Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Mikeldi, Goiko Alde eta Beti Jai Alai. Honeekaz batera, Deustuko Folklore Taldea eta Bizkaiko Jantzarien Biltzarra be izango dira.

Egitarauari zapatu honetan emongo deutsie hasierea arrastiko 20:00etan, Salbatzaile Jantza Taldeagaz, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatzen dan erromeria tradizionalagaz.

Zezeilean erromeria bi programatu ditue, 3an, Deustuko San Pedro Plazan eta 24an, Santiagokoan; horrez gan, Bihotz Alai Folklore Jantza Taldeak erakustaldia eskainiko dau San Felizisimon, zezeilaren 4an, eta Ondalan Taldeak kalejira bi egingo ditu, erraldoiakaz, San Inazio eta Deustuko auzoetan 3an eta 4an, hurrenez hurren.

Zezeileko programazinoa Gaztedi Jantzari Taldeko umeen eta helduen taldeen kalejirakaz eta ikuskizun ibiltariagaz osotuko da, hilaren 17an, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Santutxuko hainbat lekutan. Egun horretan bertan, 17:00etatik aurrera, Beti Jai Alai Taldearen eskutik, Basurtuko Barrutiko hainbat kale hartuko dauen erromeria eta Lantzeko inauteria ospatuko dira.

Bestalde, aurten be Larrain Jantzeaz gozatu ahal izango da Arenalean, bagilaren 9an egingo dan zortzigarren edizinoagaz. Ohikoa danez, garagarrileko zapatu arratsalde guztietan (lehenengoan izan ezik, domekan izango dalako), jantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren eskutik, uria bisitatzen daben personei gure folklorea ezagutzeko aukerea eskaintzeko. Arriagako plazea erromeria herrikoiaren agertokia izango da beste urte batez, bagilaren 2an, zapatuan, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Jantzarien Biltzarraren eskutik.

Horrez gan, Jantzea Plazetan egitarauak umeentzako lekua eskaintzen jarraituko dau, txikien (eta helduen) taldeen kalejirakaz. Holan, Santutxukoaz gan, bagilaren 17an, umeen jantza erakustaldia egingo da Basurtuko Geltokiko plazan.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jardueren ganeko Bilboko Udalaren webgunean edo herritarren informazinorako 010 telefono zenbakira deituta eskuratu leike.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu