Euskal Herriko geologiaren ganeko dokumentala sortu dabe

Bizkaie! 2018-01-25 09:32   Kulturea

Lurraren bidean lan dibulgatiboa da eta Aranzadi Alkarteak eta EHUk egin dabe.

Juantxo Agirre, Mari Carmen Urbieta eta Arantza Aranburu | Ikusi handiago | Argazki originala

Pausoz pauso Euskal Herriko geologiak gordeten dituan iraganeko pasarteen errepasoa eginez, gure paisajea ulertzen lagunduko deuskun dokumental dibulgatiboa da Lurraren Bidean. Miloeka urtetan zehar bidaiatuz, itsaso tropikaletik glaziarretara pasauta, itsas sakoneko eremuetatik laku ertzetara... bizi garaneko lurrari argia emongo deutson ikus-entzunezkoa produzidu dau hainbat ikertzailez eta kultura eragilez osotutako lantaldeak.

Dokumentala Aranzadi Zientzia Alkarteak eta Euskal Herriko Unibersidadeak ondu dabe, Bizkaiko Foru Aldundia, Leioako Udala, Otxoa de Barandika Fundazinoa eta EITBren kolaborazinoagaz batera eta horregaitik, dokumentalaren estreinaldia iragarteko asmoagaz, Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea, Arantxa Aranburu EHUko geologia irakaslea eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusia azpiegitura zientifiko bihurtu dan Kortesenabarri baserrian batu dira. Baserri horren barruan hainbat ikerketa arlo bultzatu izan ditue Aranzadik eta EHUk alkarlanean: Kostaldeko geologia, Karstaren geologia eta Ornodunen paleontologia, besteak beste, eta leku parebakoa da publiko euskaldun zabal bati konbita egiteko.

Ikus-entzunezkoa Kultur Leioan estreinauko dabe zezeilaren 1ean, 19:00etan, eta sarrerea dobakoa izango da. Ganera, bertaratzen diran guztiei dokumentalaren ale bana emongo deutsie, proiektuaren helburua ahalik eta jente gehienak ikustea eta ikastea dalako; izan be, dokumentala Euskal Herriko ikastetxeetan zabaltzen dabiz, material didaktiko moduan erabili daitekelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu