Filipinetan ez dabe 'Jeepney'-rik gura

Zigor Aldama 2018-01-25 08:16   Bidaide

Gaur egun, 300.000 Jeepney dagozala kalkulau dabe, Filipinetako garraiobide nagusia dira. Baina ez luzaroan.

Filipinetara heldu barri diranak gehien harritzen dituan gauzea da. Beste sasoi bateko formak, marrazki ikusgarriak eta inor hotz ixten ez daben mezuak agirian, kolonia espainiar ohiko garraiobide publikorik bereziena dira Jeepney-ak. Baina Espainiaren ondoren ugartediaren jaube egindako potentziagaz, Estadu Batuakaz, loturea daukie. Hain zuzen be, Bigarren Mundu Gerrearen ostean amerikarrek sobran itxi zituen jeep-etan daukie jatorria.

Ibilgailuak behar eta irudimena sobran, filipinarrek Jeep Willy historiko hareek uri barruko autobusen antzeko zeozer bihurtu zituen. Jeepney izena emon eutsien, jeep eta knee -belauna ingelesez- berbak hartuta, bidaiariek daukien espazio faltea dala eta, belaunak alkarren kontra joten dituelako. Metalezko karrozeria barri bategaz luzatu eben atzekaldea, alde banatan jesarleku luze bana jarri eta uritarren bihotzera heldu ziran, askorentzat arte urbanoa diran marrazkiakaz. Jesukristoren erretratuak, era guztietako erlijinozko ikurrak eta bestelakoak, ez dira falta, baina ezta buruhazurrak, marrazki bizidunak, abangoardiako grafitiaren itxurako formak eta espainolezko esaldiz apaindutako amodiozko eszenak be.

Gobernuak garraio publikotzat jo zituan Jeepney-ak, gidariak profesional bihurtu eta ibilgailuen letreroetan agiri diran ibilbideak atondu zituan. Gaur egun, 300.000 dagozala kalkulau dabe, gehienak Cebun eginak, Japoniatik ekarritako txasisak erabilita, eta Filipinetako garraiobide nagusia dira. Baina ez luzaroan.

Hori baino gehiago: Urtea hasi danetik, 15 urte baino zaharragoak diranak galarazota dagoz. Gobernuak iragarri dau danak ordezkatzeko lehenengo pausua dala, gitxiago kutsatzen daben, zarata gitxiago egiten daben eta seguruagoak diran minibusak ipinteko. Flotea barriztuteko kanpainea hasi da, arauak beteten ez dituen Jeepney-ak egokitzeko eta jaubeek ibilgailu klase hori albo batera itxi daien. Berehala ezarriko diran neurrien artean dago, esaterako, ibilgailuen barruan segurtasun kamerak ipintea. Momentuz, helburua ez da Jeepney-ak desagertarazotea, emoten daben zerbitzua hobetzea baino, azaldu dau Harry Roque Gobernuaren Presidentetzako bozeroaileak.

Gaiak badauka garrantzia. Rodrigo Duterte presidenteak berak esan dau Jeepney-ek herritarrak pozoitzen dituela, gas kutsagarri asko botaten dituelako. Ohikoa dauen berbakera gogorrean, ohar hau egin eban: Jeepney-ak modernizau eizuez, bestela burdin txatar bihurtuko doguz. Datorren urtean -2018an- ez dot honelako bakar bat be kaleetan ikusi nahi. Ikusi ezkero, atxilotzeko aginduko dot. Duterteren planak bete ezkero, 2021erako desagertuko dira Filipinetako ibilgailu ezagunenak, Euro 4 emisinoen araua beteko daben autobus hibrido eta elektrikoen flota batek ordezkatuta.

Baina jaubeek burrukan egingo dabela agindu dabe. Milaka gidarik manifestazinoak egin ditue, batzuk biolentoak, euren bizimoduaren kontrako araua dala uste dabelako. Gobernuaren asmoa da guri diru-sarrera hau kentzea, lizentziak garraioaren enpresa handiei emoteko, dino Manila uriburuan Jeepney-a gidatzen dauen Marcos Rodriguezek. Guk geure Jeepney-ak erosi doguz geure familiei jaten emoteko eta enpresa txiki edo kooperatibetan antolatzen gara. Pobreak gara eta ibilgailu barri bat erosteak ekarriko leuken gastuari ezin izango deutsagu aurre egin, ganeratu dau.

Roquek, ostera, dino ez dala pobreen kontrako neurria, ezta aberatsei mesede egitekoa be. Bozeroaileak azpimarratu dau ezinbestekoa dala ingurumena babestea eta segurtasuna handitzea, ibilgailuok istripuetan biktima ugari eragiten ditue eta. Horregaz lotuta, Gabon Egunean Jeepney batek mezatara eleiztarrak eroiazan autobus txiki bat jo eban: Han hildako 20 lagunak Jeepney-ko bidaiariak ziran eta kasu hori era horretako ibilgailuak kentzearen aldekoen ikur bihurtu da.

Badakit garraiobiderik onena ez dirana. Baina tristea izango da agur esatea. Beste herrialdeetan ez dagoz eta Filipinetako ezaugarria dira, dino Marie Mendozak. Gazte horrek egunero Jeepney-an egiten dau Quiapotik Manilako finantzagunera, Makatira, joateko bidea. Gure historiaren zati bat desagertzeaz gan, ikaraz nago aldaketeak ez ete dauen prezioen igoerea eragingo eta lanera joatea ez ete dan larregi garestituko, dino penaz. Oraingoz, bere inguruan orroaka dabizan metalezko munstroak baino ez dagoz. Zugan bakarrik dakar idatzita horreetako batek, etorkizunaren iragarle emoten dauen mezuan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu