Harkaitz Cano Indian eta Jon Cazenave Txinan
2018-01-24 12:39 KultureaEuren lanaren barri nazinoartean emongo dabe euskal sortzaile biek hurrengo asteetan.
Harkaitz Cano idazle gipuzkoarrak India hegoaldeko Hyderabad uriko literatura jaialdian parte hartuko dau. Alejandro Palomas katalana eta Indiako beste idazle batzuk alboan dituala, irakurketa-saio baten parte hartuko dau. Hizkuntza ugari entzun ahal izango dira irakurraldi horretan, idazle indiarretako bakotxak hizkuntza baten lan egiten dau eta: Hindi, telugu eta kanada hizkuntzetan hain zuzen. Urtarrilaren 26an da hitzordua.
Hilaren 27an, bestetik, ume eta gazte literaturearen inguruko mahai-inguruan parte hartuko dau Canok. Hyderabadeko topaketea herrialdeko handienetako bat da, 100 idazle inguruk parte hartuko dabe eta. Publikoari jagokonez, 15.000 lagun batzea aurreikusi dabe antolatzaileek.
Jon Cazenave argazkilari donostiarraren lana, ostera, Txinan ikusi ahal izango da hurrengo asteetan. Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, Guangzhou uriko museoan ipiniko dabe Cazenavek egindako Uraitz obrea. Argazkigintzea eta pinturea batzen dituan proiektua da Uraitz, iragana eta oraina modu sinbolikoan batzeko ahalegina.
Cazenavek azken hamar urteotan ateratako argazkien berrinterpretazinoa da proiektu hori. Galerna izenburupean, Euskal Herriaren arimara hurreratzeko saioa egin eban eta, orain, horreei argazkiei esangura barria emon deutse, pigmentu mineralen bitartez egindako zuzeneko esku-hartzeakaz.
Guangdong Museum of Art museoan ipini daben Simultaneous Eidos izeneko erakusketearen parte da Cazenaveren Uraitz. Alejandro Castellote, Bao Dong eta Zeng Han dira komisarioak eta martiaren 8ra arte egongo da ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!