Basque Audiovisual Berlingo European Film Market azokan izango da

Bizkaie! 2018-01-24 10:58   Kulturea

19 produkzino-etxetako lanak ikusgai egongo dira.

Basque Audiovisual erakundeak Berlingo European Film Market azokan parte hartuko dau. Bertan, erakusmahaia jarriko dabe jaialdira hurreratzen diran Euskal Herriko profesionalentzat, baita Film Basque Country-rentzat be. Azken honek Euskal Herriko hiru Film Commissions batzen ditu.

Standean 2017an estreinautako edo garapen fasean dagozan 28 zinema proiekturen barri dakarren katalogoak banatuko ditue. Argitalpen honek, danetara, 19 produkzino-etxeren lanak jasoten ditu: Amania Films, Arena komunikazinoa, Arquetipo komunikazinoa, Baleuko, Barton Films, Blogmedia, Demeter Films, Dibulitoon, Doxa Produkzinoak, Euskadi Movie AIE, Kanaki Films, Kote Camacho, Kubelik Films, Lamia Produkzinoak, Sr&Sra Produkzinoak, Talka Films, Taui Media eta Txintxua Films. Obra guztien artean, hamaika dokumentalak dira, bost animazinozko film luzeak eta hamabi fikzinozko pelikulak.

Produkzino-etxe gehienak azokan izango dira eta bertan, Arkaitz Basterrak eta Jara Ayucarrek osotutako lan taldeagaz egoteko aukerea izango dabe, nazinoarteko eta Euskal Herriko profesionalen arteko networking-a sustatzen jarraitzeko asmoagaz eta honegaz batera, euskal enpresek Berlinalen parte hartzeko aukerak areagotzeko.

Zineuskadik bestalde, Europako zinema institutu, Nazinoarteko Fondo, Film Commissions, salerosle eta nazinoarteko zinema jaialdiakaz hartu-emonak sendotzen segiduko dau euskal ikus-entzunezko proiektuak bultzatuz.

Aurten barrikuntza bat be egongo da azokan, Euskal Herriko Film Commissions-eko ordezkariak Film Basque Country-ren erakusmahaian egon ahal izango dira. Parte hartze honek markearen aurkezpen ofiziala eta promozinorako bide barriak topetako aukerea eskaintzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu