Kattalin Minerrek irabazi dau Tene Mujika Saria
2018-01-22 10:04 KultureaGazte transexual baten kasua aztertuko dau.
Orain dala hamar urte, gazte transexual batek bere buruaz beste egin eban. Kattalin Miner horren inguruan ikertzen hasi da eta Tene Mujika bekea emon deutsie, azterlan horretan sakondu eta urtebete barru liburua plazaratu daian. Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatzen dabe sariketea, Euskal Herriko oraintsuko historia aztertuko daben lanak bultzatzeko asmoz.
Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Aitor Zuberogoitia egon dira epaimahaian. Sariketara aurkeztutako hautagai guztien artean Kattalin Minerren proposamena aukeratu dabe, euskal gizartean ez oso aspaldi izandako jazoera lazgarri baten kontestua eta zergaitiak bilatuko ditualako.
Amaia-Aimar Elosegi transexualak 2007an hil eban bere burua. Kattalin Miner haren laguna zan eta, beraz, hur-hurretik ezagutzen dau kasua. Hamar urte pasauta, hainbat galdera darabiz ikerlariak buruan: Nor zan Amaia-Aimar? Zer itxi nahi izan eban ondorengoentzat? Ze gomuta dago, gogoratzen ete dira jazoera hareek? Zelan aldatu da, aldatu bada, transexualen inguruko ikuspegia hamar urteotan? Ze leku emon deutsagu gure memoria intimo eta kolektiboan jazoera hari? Itaun horreetatik tiraka osotu nahi dau ikerlana Minerrek.
Memoriaz, suizidioaz eta transexualidadeaz gogoeta egiteko bideak topau ahal izango ditu Minerrek hurrengo hileetan, Tene Mujika bekearen babesari esker. Horretarako, bere gomutak eta beste persona batzuen lekukotasunak erabiliko ditu.
Kattalin Miner Hernanin jaio zan 1988an, kazetaritzan lizentziaduna da eta masterrak egin ditu literatura konparatuaren eta bardintasunaren alorretan. Igartza sariari esker, Nola heldu naiz ni honaino nobelea argitaratu eban 2017an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!