Nafarroako Bardoak txapelketan 16 taldek hartuko dabe parte

Bizkaie! 2018-01-22 08:55   Bertsolaritzea

Zezeilaren 2an hasiko da eta martiaren 24an jokatuko dabe finala, Lekunberrin.

Aurtengo edizinoko parte-hartzaileei txapelketea aurkezteko ekitaldia (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako taldekako bertsolari txapelketea, Bardoak, zezeilaren 2tik martiaren 24ra jokatuko da, auzolana oinarri. Herrialdeko bertso-eskolen sarea indartzeko asmoz eratu eben txapelketea lehenengoz 2012an eta harrezkero urte birik behin antolatzen dabe, hau da, Nafarroako Txapelketea jokatzen ez dan urteetan.

Bertsoa eta bertsolaritzea beste modu baten lantzeko aukerea emoten dau Bardoak-ek, taldelana oinarri dala. Harrobia landu eta bertsotarako gune barriak topetan dira, normalean plazan ibilten ez diranei be kantetako aukerea eskainita. Aurreko hiru edizinoetan erantzuna oso ona izan dala dino Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta, beraz, 2018ko hau be bide beretik joango dala espero dabe.

Aurten, 16 taldek emon dabe izena, 113 parte-hartzaile danetara. Horreetatik 74 bertsolariak izango dira eta ganerakoak bestelako zeregin batzuetan ibiliko dira: antolatzaile, gai-jartzaile eta abar. Era horretara, taldeen esku egongo da txapelketako prozesu guztia, auzolanean egingo dabe lan.

Zezeilaren 2an Beran hasi eta martiaren 24ko finalera bitartean, 23 saio jokatuko ditue. Hamasei taldeak bost moltsotan banatu eta alkarren artean jokatuko ditue lehenengo saioak. Hurrengo fasera sei talde pasauko dira eta horreetatik hiru sailkatuko dira finalera. Lekunberriko azken saio horretan erabagiko da irabazlea. Finala izan ezik, ganerako saioak alkarte girokoak izango dira, sarritan otordu eta guztikoak.

Talde bakotxak, gitxienez, saio bitan kantetako aukerea izango dau; ganera, beste saio bateko bertsoak epaitu eta gaiak jarteko ardurea be izango dau. Publikoaren eretxia be kontuan hartuko da saioetako emoitzak erabagiteko orduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu