Bira Kultur Gunea jaio da Bilbon
2018-01-19 13:12 KultureaIzatez, lehengo Bibaren jarraipena da.
Orain dala urtebete inguru, euskal kulturgintzearen eta sortzaileen topaleku izateko eratu eben Biba Gunea, Bilboko Erronda kalean. Orain, bigarren aldiz jaio da proiektua, izen barri eta guzti: Bira Kultur Gunea izango da aurrerantzean. Bultzatzaileek azaldu dabenez, izena aldatu arren, asmoa eta gogoa lehengoak dira. Atzo egindako urteurren jaian egin eben Bibatik Birarako transizino sinbolikoa.
Orain arteko asmoei eutsiko deutsien arren, aldaketa bakarra ez da izenarena izango, izan be, eurentzat neurri handiegiko proiektua zan hasierakoa, Biraren bultzatzaileek denporeagaz ikusi dabenez, eta egokitzapen bat beharrezkotzat jo dabe. Dana dala, lehenengo urtearen balantze positiboa egin dabe, Lutxo Egiak Uriola atariari emondako adierazpenetan esan dauenez.
Kultur espazioaren aro barria iragarteko, kanpaina berezi bat martxan ipini dabe asteotan, Desagertzera goaz lelopean, izan be, Biba desagertu egin zan atzoko ekitaldian, baina berehala berragertu zan, Bira bihurtuta. Hortaz, kultur gunea betiko zarratuko ebela pentsau eben zaleek lasaitua hartu eben. Izen barrira ohitu beharko dira, dana dala.
Aurrerantzean Bira izena hartuko dauen lokalean, aurkezpenak eta zuzeneko emonaldiak antolatzen ditue. Kulturgintzan dabizanek eskura daukie espazioa eta, Lutxo Egiaren arabera, auzoagaz alkarlana estutu nahi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!