Agustin Ibarrolaren obrak ikusgai Bizkaia Aretoan
2018-01-18 12:37 KultureaZezeilaren 28ra arte egongo da Bilbon Censuras-Zentsurak erakusketea.
EHUk azaldu dauenez, Agustin Ibarrola eskultore eta pintore bizkaitarrari eskainitako erakusketa hau ez da atzera begirakoa, artistearen ibilbidearen momentu jakin biren ingurukoa baino. Bata, Francoren diktadurearen kontra lan egin ebanekoa. Bestea, ETAri aurre egin eutsan sasoia.
Erakusketa honen helburua, Agustín Ibarrolak irakasle legez izan dauen ibilbidea autortzeaz gan, omenaldia egitea da euskal artearen figura berezi bati, hain zuzen be, mende erditik gora eten barik lanean jardun dauena eta gure historiaren lekuko eta eragile izan dana, azaldu dau Nekane Balluerka EHUko errektoreak erakusketea aurkezteko ekitaldian.
Bizkaia Aretoko Chillida aretoan ipini dabe Censuras izeneko zatia: Bertan, Ibarrola Francoren kontrako lanean ibili zanekoak gogoratzen dira. Paisajes de Euskadi serieko 55 grabadu, espetxetik egindako marrazki klandestino baten erreprodukzinoa eta 1976ko collage bat dagoz ikusgai.
Axular aretoan, ostera, Zentsurak ipini dabe, erakusketearen bigarren zatia. Kasu horretan, Ibarrola ETAren kontra jarri zaneko sasoia ezagutuko dau ikusleak. Batetik, Ibarrolaren beraren olio-pintura bat, grabadu bat eta 13 eskultura dagoz. Bestetik, Tere Ormazabalen 15 argazki be ikusi leitekez. Ibarrolaren Baso Margotuaren kontrako erasoa argazkiotan batu eban Ormazabalek.
José Ibarrola da Censuras-Zentsurak erakusketako komisarioa. Zezeilaren 28ra arte ikusi ahal izango da, Abandoibarra pasealekuko Bizkaia Aretoan, doban. Ganera, erakusketea 12. Zentsura At! jaialdiaren egitarauaren barruan dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!