Umeentzako 'Ikusi eta ikasi' programea abian da Bilbon

Bizkaie! 2018-01-18 12:47   Kulturea

Danetara, 66 ikuskizun eta tailer dakarz aurtengo egitarauak.

Hamalau urte bete ditu Bilbon urtero egiten dan Ikusi eta ikasi programeak. Hasi zanetik, egitasmoak euskerearen erabilerea astialdian uriko umeen artean bultzatzea izan dau helburu, modu dibertigarrian.

Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalaren laguntzinoagaz atontzen dauen egitasmoan bi eta zortzi urte bitarteko umeek parte hartu leikie.

Aurtengo edizinorako barrikuntza piloa iragarri ditue, horreen artean dagoz: ikuskizun interaktiboak; kontzertu didaktikoak; gozoki naturalen tailerrak; modelaje-tailerra; txiki-erritmoa; eta Familian giroan, Euskeraz koloreztatu! berbaldi-tailerra.

Programea zapatuan, urtarrilaren 20an, hasi eta apirilaren 20an amaituko da. Danetara, astialdia, kulturea eta hezkuntzea buztartzen dituen 66 jarduera izango dira Begoña, Basurtu, Errekalde, Castaños, Deustu, Santutxu, Zorrotza eta Olabeagako udaltegietan, Azkuna Zentroan, Indautxuko Karmen aretoan, Ibaialdeko liburutegian, Euskerearen Etxean eta Zamakola, Iruarteta eta Epaltzaren Alarguna eskoletan.

Aurten leku barri bi egongo dira: Olabeaga eta Azkuna Zentroa; azken hau Abandoko barruti-udaltegiaren ordez jarri da. Holan, uriko ia auzo guztietara helduko da programea.

Azkenengo egunean, apirilaren 20an, Go!azen ikuskizuna izango da eta bertan telebistako personaia ezagun asko egongo dira; Indautxuko Karmen aretoan egingo dabe eta sartzea doban izango da.

Tailerretan parte hartzeko aurretik izena emon beharko da eta danen artean zozketea egingo dabe plazak banatzeko. Berbaldietan parte hartzeko be aldez aurretik emon beharko da izena. Informazino guztia Ikusi eta ikasi programearen webgunean dago.

Tailer eta jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, Deustu-Bidarteko Udaltegian zapatuetan antolatutakoak izan ezik, honeek 11:00etan izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu