Turismoaren datu positiboak azpimarratu ditu Jaurlaritzeak FITUR-en

Bizkaie! 2018-01-18 08:32   Kulturea

Madrilgo turismo-azoka entzutetsuan erakusmahaia zabaldu dau Euskadik.

FITUR-en jarritako gunea (argazkiak: Basquetour) | Ikusi handiago | Argazki originala

Turismoaren alorrean urteroko hitzordu garrantzitsuetako bat izaten da Madrilgo FITUR eta, hartara, erakusmahai dotorea atondu dau Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailak, Euskadi-Basque Country markea indartzeko. Azokeagaz bat eginaz, 2017ko behin behineko datuak emon ditu Alfredo Retortillo sailburuak, Basquetour agentziako zuzendari Harkaitz Millanegaz egindako agerraldian. Abenduko datuen faltan, Euskal Autonomia Erkidegoan turismoak 2017an lagatako datuak positibotzat jo ditu Retortillok. Zemendira bitartean, 3,3 miloe bisitari etorri dira erkidegora, eta 7 miloe gau baino gehiago pasau ditue. Igoerea, batez be, atzerritarren eskutik etorri dala dino Jaurlaritzeak.

Ganera, Retortillok datu baikortzat jo dau turismoa urtean zehar gero eta banatuago egotea. Hau da, ohiko opor sasoietatik kanpo gero eta jente gehiago dator eta urtaroetako datuak orekatzeko bidean dira. Turismoa sektore gero eta garrantzitsuagoa da euskal ekonomian: Retortilloren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 96.000 afiliadu dagoz jarduera turistikoetan.

Turismoaren hazkunde horri modu barritzaile, iraunkor eta lehiakor baten aurre egin nahi deutso Jaurlaritzeak. Hain zuzen be, FITUR azokan jarri daben erakusmahaiak horreek baloreak azpimarratzen ditu. Euskadi bost zentzumenakaz bizitzeko deia egiten dau 700 metro koadroko eremu horrek, erkidegoko aniztasuna eta aberastasuna nabarmentzen dauen informazinoaren bidez. Ganera, erakusmahaia irisgarria da.

FITUR-en barruan ekitaldi ugari antolatuko ditue Jaurlaritzearen erakusmahaian: EDEN saria emongo deutsie Ignaziotar Lurraldeari, Urola Kostak eta Portugaletek egindako lana sarituko dabe eta abar. Erakustokiaren barruan hainbat aurkezpen egingo dira, esaterako, Bizkaiko eta Bilboko ekitaldiak 2018rako, Pasaiako Itsas Festibala, zubi esekiaren 125. urteurrena eta Erdi Aroko Uri eta Uribilduen sarea.

Publiko profesionalari zuzendutako egunetako aurkezpen horreez gan, publiko orokorrari eskainitako egunetan ardaoa, txakolina, sagardaoa eta gaztaia dastatzeko hainbat ekitaldi eta showcooking bat egingo dira, jantzea, magia, danborradea eta abar ahaztu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu