'Dublindarrak' euskeraz estreinauko dabe Arriagan

Bizkaie! 2018-01-17 13:27   Kulturea

Garbi Losadak zuzendu dau James Joyce-ren obran oinarritutako antzezlana.

Argazkia: Arriaga Antzokia | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko antzerkigintzan, 2018ko lehenengo estreinaldi handia hartuko dau Bilboko Arriaga antzokiak datorren astean, Garbi Losadak zuzendutako Dublindarrak ikusteko aukerea egongo da eta. Hilaren 24ko eta 25eko saioak izango dira lehenengoak, goizeko 11:00etan, eta 26an ordutegi arruntean eskainiko dabe, 20:00etan.

Arriaga Antzokiko ordezkariek azaldu dabenez, James Joyce irlandarraren Dubliners literatura unibersaleko harribitxia dan arren, gitxitan egokitu dabe antzerkirako. Euskeraz obra hori oholtzara eroateko ardurea Ados Teatroak hartu dau, Garbi Losada zuzendari dala. Jose Antonio Vitoriagaz batera egin dau Joyceren obrearen moldaketa librea.

Ganerakoan, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez, Lierni Fresnedo, Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal eta Asier Sota dira aktoreak. Antzezlanerako musikea Javier Asinek sortu dau eta jantziak Tytti Thusbergen ardurapean egon dira.

Jatorrizko kontakizuna 1904an kokatzen da, Dublinen. Klase ertain-altuko hainbat lagun alkartzen dira etxe baten, arratsalde atsegina pasetako asmoz, baina, halako baten, entzuten dan doinu batek gaztetako gomutak ekarten deutsaz konbidaduetako bati, maitasun galdu baten oroitzapena. Bizitzearen iragankortasunaren, nostalgiaren eta engainuak usteldutako bizitzen inguruko kontakizun apal baina sakona da Dubliners.

Sarrerak salgai dagoz Arriaga Antzokiaren txarteldegian eta webgunean. Urtarrilaren 24ko eta 25eko goizetako saioak ikasleei zuzendutakoak dira, baina beste edozein ikusle be joan leiteke, ordutegi hori hobeto bajatorko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu