V. Maketa Lehiaketea antolatu dabe Zornotzan

Bizkaie! 2018-01-17 09:24   Musikea

Edozein estilotako talde hasibarriek parte hartu leikiela dino Ametx Gazteria erakundeak.

The Van taldeak irabazi eban 2017ko edizinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikari gazteei eta hasten dabizan taldeei bultzadea emoteko asmoz, V. Maketa Lehiaketea martxan ipini dau Amorebieta-Etxanoko Udalaren menpeko Ametx Gazteria erakundeak. Edozein estilotako musika taldeek emon leikie izena, baldintza batzuk bete ezkero: Orain arte diskorik argitaratu ez izana, kontratu diskografikorik ez eukitea eta gitxienez taldekideen erdiak 16 eta 35 urte bitartekoak izatea.

Zezeilaren 28ra arte emon leiteke izena eta, ondoren, epaimahaiak bederatzi talde aukeratuko ditu. Horreek maiatzeko finalean kontzertu labur bana joko dabe. Hainbat sari banatuko dira: Talderik onenari 1.500 euro emongo deutsiez, euskerazko kantarik onena egin dauenari 500 euro eta, ganera, Zornotzako jaietan joko dabe aukeratutako taldeek.

Epaimahaian, musikearen munduko profesionalak eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko teknikariak egongo dira. Sariren bat hutsik itxi ahal izango dabe, berau irabazteko kalidade nahikodun hautagairik ez dagoala uste badabe. Taldeen nortasuna, kalidadea, aberastasuna eta zuzenekoetarako egokitasuna aintzat hartuko ditue erabagietan.

Parte hartu nahi daben taldeek hiru abestiko maketa edo artxiboa bialdu beharko deutsie antolatzaileei. Lehiaketearen oinarriak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu