Gaur hasiko da ‘Eztabaidak Literatureagaz’ programa barria
2018-01-16 09:55 KultureaArantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano izango dira lehenengo saioan.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko Eztabaidak Literatureagaz egitasmoak gaur, hilak 16, ekingo deutso barriro letrakaz dauen hileroko hitzorduari. Arantxa Urretabizkaia idazleagaz eta Asier Serrano idazle eta musikariagaz emongo deutso hasierea. 2017ko Euskadi Literatura sarituak izan ziran biak, euskerazko saiakera Bidean ikasia eta literatura Linbotarrak modalidadeetan, hurranez hurran. Ohikoa danez, topaketea arrastiko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera libreagaz, leku guztiak bete arte. Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak gidatuko dau barriketaldia.
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) euskal letra garaikideetako figura azpimarragarrienetako bat da. Historian Lizentziatua eta Euskaltzaindiako kidea, hainbat komunikabidetan ibilten da. 1972an argitaratu eban San Pedro bezperaren ondokoak poema luzeagaz egin zan ezaguna literaturearen munduan. Hamar urte geroago, Kritikaren Sari Nazionala irabazi eban bere bigarren poema liburuarengaitik, Maitasunaren magalean.
Narratzaile moduan ume eta gazte literaturea landu ditu, eta hainbat elebarri eta zinemarako gidoiak be idatzi ditu: Albaniako konkista, Lauaxeta eta Zergatik Panpox filmeenak, besteak beste, azken hori, izen bereko bere elebarriaren pantaila handirako moldaketa bat da.
Asier Serrano (Eibar, 1975) bere aldetik, idazle eta musikaria izateaz gan, euskal literatura irakaslea be bada. Oso gaztetan hasi zan poesia idazten, eta letragile eta abeslari moduan, nabarmentzekoa da Lorelei eta EH Sukarra taldeetan egin dauen lana. Kontakizunak, poemak, elebarriak eta antzezlanak idatzi ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!