XXXV. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketea martxan da

Bizkaie! 2018-01-16 09:20   Kulturea

Martiaren 30era arte egongo da lanak aurkezteko aukerea.

Lehiaketarik zaharrena da Gabriel Arestirena Bilbon. Aurten XXXV. edizinoa beteko dau eta urtetik urtera parte hartzen dabenen kopurua handitzen doa. Euskeraz idazten animetan diranak be gero eta gehiago dira ekimen honetan. Lehiaketeak 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko akzesit bi banatuko ditu modalidade bakotxean, euskeraz eta gaztelaniaz, hurranez hurran.

Ekimenaren bitartez, Bilboko Udalak literatura sorkuntzea sustatu eta, aldi berean, euskereak emon dauen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazo gura ditu. Lehiaketea, hamazortzi urtetik gorako edozein nazionalidadeko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diran lanen jatorrizko hizkuntzea EAEko hizkuntza ofizial bietako bat izan beharko da, izan be, ez da itzulpenik onartuko. Istorioen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan beharko dira. Gehienez be hamabost orrialde izan beharko ditue.

Aurreko edizinoetan egin eben legez, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau, literaturearen munduko persona ezagunek osotua. Parte hartu nahi dabenek martiaren 30era arte izango dabe lanak formatu digitalean aurkezteko aukerea, udalaren webgunearen bitartez, bertan oinarriak be topatu leikiez.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933–1975) olerkia, elebarria, ipuina eta antzerkia landu zituan, eta, horrezaz gan, literatura unibersaleko hainbat lan itzuli zituan euskerara. Bestetik, Euskaltzaindian egin eban lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu eban. Idatzi zituan lan ezagunenak Euskal harria (1968), Harrizko herri hau (1971) eta Harri eta herri (1964) olerki liburuak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu