'Photohitzak' tailerra gidatuko dau Txelu Angoitiak
2018-01-15 12:59 KultureaIkastaroan izena emoteko epea hilaren 29ra arte egongo da zabalik.
Argazkigintzea eta literaturea batzen ditu Txelu Angoitia argazkilariak Bilboko Foru Liburutegian emongo dauen ikastaroak. Photohitzak tailerrak irudietatik abiatuta adierazoten ikastea dau helburu, hau da, argazkiak ulertzen ikastea ikusmenezko berbakerearen kodeak aztertuz.
Edukiei jagokenez, honeek landuko ditue tailerrean: literaturea eta argazkigintzearen arteko hartu-emonen historia laburra, bien arteko alkarreragiketak eta hierarkiak, argazkigintzea eta literaturearen alkarren arteko ekarpenak, argazki-nobelea, gizarte mailako inplikazinoak dituan masa-fenomenoa, testua eta irudia ikus-entzunezko baliabide barrietan, argazkilaria eta idazlea persona bakarra danean: Juan Rulfo, Alberto García, argazkigintzea literaturearen gai moduan: Julio Cortazar, Italo Calvino, John Berger, Adolfo Bioy Casares, etab.
Tailerrak bestalde, atal bi izango ditu: alde batetik teorikoa eta honetan, aitaturiko edukiak izango dira aztergai. Beste alde batetik, alde praktikoa, partaide bakotxa banakako proiektua garatzen joan daiten literaturea eta argazkigintzea buztartuz.
Horretarako ikasleak testu bat aukeratuko dau (elebarria, olerkia, abestia… norberak ala beste norbaitek idatzita), eta inspirazino iturri moduan erabiliko dau hau argazki-proiektua gauzatzeko. Argazki zein argazki-liburu batetik abiatuta literatura proiektua garatzeko aukerea be izango da.
Saioetan proiektuen jarraipena eta bateratze-lanak egongo dira. Aldi berean, idazlan osogarriak aurkeztuko dira, batzuk teorikoak eta beste batzuk, barriz, izaera literariokoak, inspirazino iturri modura. Tailerrean irudiak eta egilearen argazki-lanak be aztertuko dira, begiradea eta interpretazinoa hezteko.
Txelu Angoitia Magnum agentziaren argazkilariakaz tailerretan hasi zan bere lehen pausuak emoten. Kazetaritza grafikoan, publizidadean eta proiektu solidarioetan lan egin izan dau. Gaur egun Astola aldizkari kulturala zuzentzen dau. Honako liburu honeek be argitaratu ditu: Inventario (1998), Paralelo 21 (2005), Angst (2013) eta Tanger Dream (2017).
Zezeilaren 5etik apirilaren 30era izango da tailerra eta dagoeneko izena emoteko epea edegi dabe urtarrilaren 29ra arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!