Roberto Rodet Villa pintorearen obrak, Bilboko Ondare Aretoan
2018-01-15 10:02 KultureaBalmasedako La Encartada Museoagaz batera antolatutako erakusketea da.
Gerraosteko euskal artisten belaunaldiko kidea izan zan Roberto Rodet Villa balmasedarra (1915-1989). Haren margolan guztiak gaika sailkatuta ikusteko aukerea emongo dau Bilboko Ondare Aretoak, urtarrilaren 16tik apirilaren 7ra, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez. 1940ko hamarkadatik 80kora bitarteko obrak dira, pinturak zein marrazkiak, tartean Mahai-zapi zuria izeneko lan ezaguna, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumakoa.
Erakusketearen hasieran erretratuak eta marrazkiakaz egindako konposizinoak dagoz. Gero, hainbat sasoitako natura hilak eta Enkarterriko paisajeak. Azken aretoan marrazki eta bozetoen bildumea ipini dabe, estanpen kabinete modura aurkeztuta, artistearen sortze-prozesua zehatz-mehatz erakusteko. Estudio batzuk eta muraletarako proiektuak be ikusgai dagoz Ondare Aretoan.
Esperimentazino plastikoak abstrakzinoaren bidera eroan eban Rodet Villa, sinplifikazino formalerantz, eta hori batez be paisajeetan nabari da. Marrazkigintzan zehatza zan eta sensibilidade handia eukan kolorean. Artistearen pinturetako ezaugarri nagusiak aldamio-konposizino zaindua eta tonu samurra dira, Ondare Aretoak jakitera emon dauenez. Rodet Villaren ibilbide artistiko osoan ikusi leiteke ezaugarri hori, erretratuetan, natura hiletan, muraletan eta paisajeetan.
Balmasedako La Encartada Museoagaz batera antolatu dabe erakusketea, Europako Ondarearen Jardunaldien harira Rodet Villaren inguruko erakusketea han egon zan eta, urrian. Orain Balmasedan ikusitako erakusketea handitu eta zabaldu egin dabe Bilbora eroateko.
Inaugurazinoaren eguneko ekitaldian, hilaren 16an, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua egongo da. Ganera, Pilar Mur adituak Rodet Villaren obrearen inguruan egngo dau berba eta artistearen alabak be han izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!