Kudeatzaile barriak ditu Bilboko Campos Antzokiak

Bizkaie! 2018-01-11 08:38   Kulturea

Klemark enpreseak gidaritzea hartuta, 60 hitzordu inguru programau ditue udara arte.

Klemarkeko eta Bilboko Udaleko ordezkariak (argazkia: Campos Antzokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken bost urteotan SGAE-Euskadik kudeatu eta gero, aro barri bati ekin deutso Bilboko antzoki garrantzitsuenetako batek, Campos Eliseos Antzokiak. Aurrerantzean, Klemark enpresearen esku egongo da Bertendona kaleko antzokiaren ardurea eta, 2018ko lehen erdiko egitaraua aurkezteko ekitaldian, ideak argi dituela nabarmendu dau bertako presidente Alejandro Colubik: Era askotako publikoa erakarteko asmoz, testu antzerkiaren alde egin eta konpainia barriek zein euskerazkoek lekua izatea nahi dabe.

Udara bitarteko programazinoa askotarikoa eta kalidadezkoa izango dala aurreratu dau Colubik. Estilo eta genero ugaritako 60 bat ikuskizun antolatuko ditue, berbarako, Shakespeare's Globre Theatre ekarriko dabe Bilbora, idazle ingeles ospetsuaren ibilerak gogora ekarten dituan lana. Ikuskizun horren alderik bitxiena da, hiru obra emoten jakozala publikoari aukeran, eta ikusleek eurek esaten dabe zein ikusi nahi daben.

Amelia Ochandianok zuzendutako Una gata sobre el tejado de zinc caliente antzezlana be aitatzekoa da, Juan Diego aktorea protagonista nagusi dauela. Baita Los universos paralelos be, Malena Alterio protagonisteagaz. Eskola jazarpenaren inguruko El pequeño Poni be badago egitarauan. Kulunka Teatrok geldialdia egingo dau Camposen, uriak konpainia horregaz zorra izan dauelako, Klemarkekoen esanetan.

Hogei urtez antzerkitik kanpo egon eta gero, Imanol Arias aktorea oholtzara bueltauko da La vida a palos ikuskizunean. Jorge Culla Klemarkeko programazino aholkulariaren esanetan, bagilean helduko da obra hori Camposera, denporaldia biribiltzeko.

Bestelako generoen artean, Anthony Blake ilusionistea, Clazz jazz latinoaren jaialdia eta Beltxargen aintzirea balleta aitatu behar dira.

Bost urterako hitzarmena sinatu dau Klemarkek Bilboko Udalagaz, Campos Antzokiaren gidari izateko. Nekane Alonso zinegotziak suberte ona opatu deutsie kudeatzaile barriei, hori Bilborako be ona izango dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu