Judas Priest britainiarrek BECen joko dabe bagilaren 28an
2018-01-10 12:46 MusikeaMetal soinurik onena agindu dabe Firepower birarako.
Heavy-metal estiloaren ikurretako bat, Judas Priest, Bizkaian izango da bagilaren 28an, Barakaldoko BECen hain zuzen. Talde britainiarrak berak sare sozialen bidez zabaldu dauenez, martian hasiko dabe Firepower diskoa aurkezteko munduko birea eta bagilaren 28an geldialdia egingo dabe BECen.
Firepower Judas Priesten estudioko 18. diskoa da eta martian jarriko dabe salgai. Taldeak agindu dauenez, euren oinarrietara bueltau eta metal doinu puruenak eta onenak eskainiko ditue lan barrian, izan be, Ingalaterrako Birmingham urian, 1969an sortutako taldea heavy-metalaren aitzindarietako bat izan zan. Dana dala, 1980ko hamarkadan hasi zan mundu mailan erantzun bikaina izaten, metalaren historiako bandarik handienetako bat bihurtu arte.
Metal estiloaren zabalkundean lagundu dau Judas Priesten arrakasteak eta gerora sortutako beste talde askoren eredu izan dira. Taldeak, baina, aldaketa asko izan ditu sorreratik hona, 1991tik 2003ra taldea geldirik egon zala ahaztu barik. Gaur egun, Rob Halford, Glenn Tipton, Ian Hill, Scott Travis eta Richie Faulkner dira taldekideak.
Disko barriaren aurrerapen legez, Lightning Strike bideoklipa plazaratu barri dau Judas Priestek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!