Gau bat Filipinetako drogearen kontrako gerran
2018-01-10 10:48 BidaideHerritar gehienei Batasan komisaldegiak barre gitxi eragiten deutse. Drogearen kontrako gerran, heriotza gehien jasan dituan eremuetako bat da.
Gaueko 21:30ak dira eta Manilako trafiko gorrotagarria arintzen hasi da. Momentu horren zain dagoz Quezon Cityko 6. komisaldegian, Batasan izenekoan, euren indar berezietako operazinoak martxan jarteko. Gabon sasoian delitu gehiago egoten dira, beraz, adiago ibili behar dogu, dino Rosell Cejas superintendenteak bere bulegoan. Parkamena eskatu dau txandala eta mauka motxeko kamisetea jantzita dagoalako. Saskibaloi partidu batetik bueltan nator, berehala jantziko dot uniformea. Hemen gudarako deia gauez izaten da, dino barrezka.
Baina Metro Manila uriburuaren parte dan Quezon Cityko herritar gehienei Batasan komisaldegiak barre gitxi eragiten deutse. Rodrigo Duterte gaur egungo presidenteak karguaren zina egin eban egunean bertan hasitako drogearen kontrako gerran, heriotza gehien jasan dituan eremuetako bat da. 2016ko garagarrilaren 1etik 2017ko bagilaren 30era, bertako agenteek 108 lagun hil zituen. Beti norberaren defensan, zehaztu dau Cejasek, drogearen kontrako operazino baten egun batzuk lehenago zauritutako poliziaren bideoa ordenagailuan erakusten dauen bitartean. Gaizkileek armak ditue eta dudarik ez dabe egiten guri tiro egiteko orduan. Zentzukoa danez, arerioaren tiroei erantzuten deutsegu.
Irudietan Ronald Bato de la Rosa, Filipinetako Polizia Nazionaleko burua agiri da, ospitalean zaurituta dagoan agenteagaz berbetan. Dutertek eta Batok, ukabil gogorraren banderea hartuta, tiroka murriztu eben delinkuentzia Davaon, hegoaldeko Mindanao uharteko uri nagusian. Epaiketa Bako Hilketen kontrako koalizinoak salatu dauenez, bien artean baimendu eta sustatu zituen 1.424 heriotza, batez be gaizkile txikienak, 1998 eta 2015 artean. Duterte alkatea izan zan 17 urte horreetatik 13tan.
Edozelan be, zifra txikia da drogearen kontrako gerreak itxitako 4.000 hildakoen aldean, Filipinetako polizia nazionalaren (PNP ingelesez) datuak aintzat hartuta. Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuen ustez 13.000 hildako izan leitekez, eta salatu dabe heriotzen heren bi kaleko jantzidun justiziazale zibilek eragindakoak dirala, poliziagaz alkarlanean.
Hori ez da egia, guk personen eskubideak eta duintasuna defendiduten doguz, dino Batasago komisaldegiaren buru hile bi daroazan Cejasek. Esaten danez, haren aurreko Lito Patayk itxitako izen txarra garbitzeko asmoa dau. Eta, harreraguneko mostradorean, Gabonetako apainduren azpiko posterrean Batasanen 2030erako dituen helburuak agiri dira: Herrialdeko komisaldegirik onena bihurtzea. Osotasun, gardentasun, errespetu eta herritarren zerbitzuaren eredu. Atzean, agenteek Aita Noelen txanoa ipini deutsie Bato de la Rosaren kartoizko figura bati.
Drogearen kontrako ataleko poliziak kaleko jantzita doaz eta ezin jake argazkirik egin. Zelatatze lana egiteko prest dagoz, Indar Berezietako uniformedunak porlanezko eraikinaren aurrean dagozan bitartean. Hogei inguru dira, ilara bitan, eta jantzi hetereogeneoak deigarriak dira: Batzuek mauka luzeko alkondarea daroe, beste batzuek mauka motxeko poloa baino ez. Batzuk balen kontrako txalekoaren babesa daukie, beste batzuek ez. Lehenengo ilarakoen armak Colt 45ak eta fusil automatiko amerikarrak dira; bigarren lerrokoek 38 kalibreko errebolberrak daukiez.
Operazinoaren buruzagia dan Almara sargentuak eta kabo batek izan ezik, ez daroe ezelako bereizgarririk. Lehendik ezagutu ezean, inork ezin ditu identifikau. Giza Eskubideen aldekoek gehiegikeriak saihesteko eskatu dituen gorputzeko kamerarik be ez daroe. Hartara, legea apurtu ezkero, frogatzen gatxa izango da.
Almarak azaldu dauenez, gaur gaueko operazinoan kontrolak ezarriko ditue gunerik gatazkatsuenetan, Payatas auzoetan. Drogearen kontrako operazinorik ez dogu egin, informazinoa batzen gabizalako, baina era honetako kontroletan ohikoa da trafikatzaileren bat atrapetea, dino sargentuak, lur orotariko ibilgailura igon eta Manilako kale beti kolapsaduetan sinestezina dan abiadura supersoniko baten goazela.
Ganerako agenteak motoan joan dira bidegurutze bateraino, eta hiru minutuan ipini dabe kontrola. Bizkor ibili behar dogu, sekula ez gara ordubete baino gehiago leku berean egoten, gaizkileek informazinoa alkarreri pasetan deutsielako eta kontrolek eraginkortasuna galtzen dabelako, kontau deusku Almarak. Ibilgailuek pixkanaka abiadurea moteldu dabe, tensinoa agirikoa da.
Polizia batek, bide erditik, linterna bategaz esaten dau ze ibilgailuk geratu behar daben. Batez be motoak izaten dira. Hogei bat metrora, lau agente dagoz zain, asaltoko fusilak eskuan. Gidariak espaloian geratzen dira, euren agiriak erakutsi, maletategia zabaldu eta bideari berrekiten deutsie. Poliziak dira gaizkileak esan dau batek ahopeka, atzerriko kazetaria ikusi dauenean.
Bapatean, agenteetako bat moto bati begiratu eta oihuka hasi da. Matrikularik ez dauka eta atzeko aldean neskato bat daroa motoak. Ez da agindua entzun eta berehala geratu, beraz, agente bik euren fusilak haregana zuzendu ditue, atzamarrak katuan. Mutil gaztea, 25 bat urtekoa, urduri dago. Seguruenez drogauta dago, dino Almarak. Polizia batek jopuntuan daukan bitartean, beste bik miatu egin dabe. Tatuajerik ez daukanez pixka bat lasaitu dira, baina ahoa zabaldu eragin deutsie, drogarik ez daroala begiratzeko. Eta kaltzontziloen azpian zer dagoan begiratzeko zalantzarik ez dabe izan.
Poliziek barre egin dabe eta mutilak be, besoak gora, barre urduria egin dau. Beragaz doan neskatoa serio dago, arpegia tapauta. Inork ez daki nor dan. Albo batera eroan dabe, nor dan eta hamar bat urte zaharragoa izango dan mutil horregaz zer egiten dauen jakiteko. Agente bik scooter-aren piezak kendu ditue, txasis hutsa itxi arte. Ezer ez dago. Garbi.
Hurrengo kontrol bietan lehengo gauza bera errepetiduta: Agenteek ziurtasunez jokatzen dabe, baina indarkeria barik. Eta drogarik ez da inon agiri. Auzunerik pobreenetako baten, mozkortutako gizon baten jokabideak erakusten dau poliziak eragiten dauen ikarea: Autoa ikusi eta berehala, hormearen kontra jarri da, hankak zabal-zabalik. Agenteek barre egin dabe barriro. Espero dot ikusiko zenduala zelako neurritasunez eta gardentasunez lan egiten dogun, agur egin deusku Cejasek.
Baina biharamunean, Caloocan barrutian, indarkeriak ez dauela etenik ikusi da barriro. Justiziazale batzuek labankadaka hil dabe itxuraz droga pixka bategaz trafiketan izan dauen gazte bat, eta hiltzaileak agertuko diran esperantza barik lurperatu dabe senideek, euren elastikoetan Rodelentzat justizia leloa daroen arren. Handik ez oso urrun, arpegia estalitako motozale batzuek tiro eginda hildako gizon baten gorpuaren aurrean negarrez dago beste familia bat. Poliziak DUI izena emoten deutse (ingelesez, ikerketapeko heriotzea). Baina han inork ez dau zalantzan jarten etiketa egokia EJK dala (justiziaz kanpoko hilketea). Duterte presidente danetik, horreek dira Filipinetako akronimorik ohikoenak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!