Gazteen ohitura kulturalak ezagutzeko prozesua Arriaga Antzokian

Bizkaie! 2018-01-10 08:20   Kulturea

Parte-hartzearen bidez, 20 eta 26 urte bitartekoen ikuspuntua ezagutu nahi dau Bilboko Udalak.

Arriaga Antzokia (argazkia: Bilboko Udala). | Ikusi handiago | Argazki originala

Parte-hartze bidezko prozesua jarri dau abian Udalak, uriko gazteek kulturearen arloan dituen konsumo-ohiturak eta interesak ezagutzeko. Lehenengo aldi honetan, Arriaga Antzokia aukeratu dabe 20 eta 26 urte bitarteko bilbotarrek antzokiaren programazinoari buruz daben eretxia jakiteko asmoz.

Prozesuan parte hartzeko interesa daben gazteek aukerea dabe izena emon eta lehenengo galdeketeari erantzuteko, hainbat bide erabilita: Sare sozialak, Bilbao Kultura eta Bilbao Gazte webguneetan eta Arriaga Antzokiaren gunean. Ganera, Dublindarrak antzezlanaren hilaren 24ko eta 25eko emonaldietan be, inkesta personalak egingo dira ikusle gazteen artean.

Interesa agertzen daben gazte guztien artean, 20 aukeratuko ditue antolatzaileek, generoaren, jatorriaren eta gaur egungo kultur-konsumoaren ohituren erespideetan oinarrituta. Taldekako saioetan parte hartuko dabe horreek: Arriaga Antzokiaren alderdirik garrantzizkoenei buruzko eretxia emongo dabe eta hainbat gai eztabaidatuko ditue lau saiotan. Antzokiko programazinoa eta etorkizunean antzokian egingo diran jarduerak gehitzeko aukerea jorratuko dabe, besteak beste.

Udalaren proiektu honetan parte hartzen daben gazteek, ganera tailer praktiko baten parte hartuko dabe, artista bategaz batera, eta antzokiaren eguneroko jarduna barrutik ezagutu ahal izango dabe. Bestetik, deskontu bereziak izango ditue Arriaga Antzokiko 2018-2019 denporaldiko ikuskizunetara joateko. Era berean, Asier Etxeandia protagonista dauen Los visitantes ikuskizunaren zezeilaren 2ko emonaldirako sarrerak irabazi ahal izango ditue zozketa berezian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu