Harrapazank programan izena emoteko epea zabalik
2018-01-09 11:43 Kulturea8 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dabe.
Harrapazanken hamahirugarren edizinoa jarri dabe martxan Euskaltzaleen Topaguneak eta Bilboko Udalak. Programa honetan zortzi eta hamazortzi urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dabe eta horretarako euren izena zezeilaren 5a baino lehenago emon beharko dabe webgunean. Bertan, fitxea bete eta gurasoen baimena be erantsi beharko dabe.
Atal bi batzen ditu Harrapazankek:
1- Distirazank. Gazteek trebezia artistikoak erakusteko talentuen lehiaketea da eta honen barruan kategoria bi dagoz: Harrapazank Junior zortzi eta hamahiru urte bitartekoentzat; eta Harrapazank Senior hamalau eta hamazortzi urte bitartekoentzat.
Kategoria bietan kastina egingo da gazteek euren talentua antzerkian, jantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontetan eta abarretan erakusteko.
Hori egin aurretik, irakasle profesionalen laguntzinoa izango dabe entsegu trinkoetan euren gaitasunak hobetzeko.
Kastina gainditzen dabenek masterclass baten parte hartuko dabe eta finalera pasauko dira. Gainditu ez dabenek hobetzeko tailer baten parte hartzeko aukerea izango dabe.
Kastinaren ondoren, kategoria bakotxeko hamar talde aukeratuko dira eta horreek maiatzean egingo diran azken galetan parte hartzeko aukerea izango dabe, Bilborock aretoan. Gala horreetan irabazleak aukeratuko ditue eta 500 euroko sari bi banatuko ditue kategoria eta gala bakotxean.
2- Sortuzank eta Bilrobot tailerrak: Lehenengoetan, gazteek euren zaletasunetan eta sormenetan sakontzeko aukerea izango dabe. Bederatzi eta hamazortzi urte bitarteko gaztetxuentzat da. Gaiak honeek dira: graffitia, youtuberra, argazkigintzea, norberak arropea bere gustura moldatzea, makillajea eta kazetaritzea.
Bilroboten, barriz, zortzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxuek parte hartu ahal izango dabe errobotikako tailerretan, bideo-jokoakaz eta popping jantzan.
Tailerretako plazak mugatuta dagoz eta horreek esleitzeko eskari guztien artean zozketa bat egingo da zezeilaren 6an. Emoitzea posta elektronikoz jakinarazoko jake parte-hartzaile guztiei.
Ganera Harrapazank programearen jarraipena Youtubeko kanalaren bidez eta sare sozialetako Twitter, Facebook eta Instagram-eko profilen bidez egin ahal izango da.
Harrapazankek, bestalde, aurtengo bideoklipa aurkeztu dau eta hemen dago ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!