Barikuan hasiko da 17. Bilboko Zirkuitua

Bizkaie! 2018-01-09 08:23   Kulturea

Konpainia amateur zein erdi-profesionalen emonaldiak dakarz programa honek uriko auzoetara.

Atx Teatroren 'Fakiu'-k zabalduko dau egitaraua | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko auzoetara azkenaldion sortutako ikuskizunak eroateko asmoz, barikuan martxan jarriko dabe Zirkuituaren 17. edizinoa, Bilborock aretoan egingo dan ekitaldian. Hurrengo hiru hileetan, arte eszenikoetan dabizan bertoko 14 konpainia amateur edo erdi-profesionalek euren lanak erakutsiko ditue Bilboko auzoetan, auzotar guztiei proposamen kulturalak hurreratzeko asmoz.

Barikuko emonaldian euskerazko emonaldi bi egongo dira: ATX Teatroa konpainiaren Fakiu antzezlana eskainiko dabe lehenengo eta, ondoren, Zarzaparrilla taldeak kontzertua emongo dau. Bilborock aretoan, arratsaldeko 20:00etan hasiko da saioa eta sartzea doban izango da, leku guztiak bete arte.

Urteko lehen hiruhilekoko programazinoak, uriko 14 konpainiak eskainiko dituen 19 emonaldi jasoko ditu. Barikuko emonaldiaz gan, azpimarragarriak dira martiaren 27an, Antzerkiaren Mundu Egunagaz bat, eskainiko dan La 9ª Cía konpainiaren Ella no es Lyz Taylor antzezlanaren erabateko estreinaldia, eta BAD jaialdian parte hartu eta gero Zirkuitura helduko dan Ana Capilla jantzari eta koreografoaren Feedback, concierto escénico. Horrezaz gan, martiaren 8an, Emakumearen Egunean, San Frantziskoko Udaltegiak Mama Crearen Históricas. Ritual escénico reivindicativo del papel de la mujer en la historia ikuskizuna hartuko dau.

Bilboko Udalak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutsez konpainiei, baita ekarpen ekonomiko bat be. Aurreko edizinoetan legez, emonaldiak urtarrileko, zezeileko eta martiko eguazten, eguen eta barikuetan programau dira, arratsaldeko 19:30etan, eta sartzea libre da. Zorrotzako, Basurtuko eta Castañoseko udaltegietan, eta San Frantziskoko udaltegian eskainiko diran Hipólito eta Históricas ikuskizunetarako be sarrera librea izango da, baina udaltegietan bertan emonaldiak hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartu beharko da, aforo kontuak dirala eta.

Bilboko Zirkuitua martxan jarri zanetik, emonaldi eta agertoki kopurua handituz joan da, egitaraua uriko auzo gehienetara zabaltzeraino. Auzo horreetako batzuek urte osoan jasoten daben arte eszenikoetako eskaintza bakarra da. Antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukerea eskaintzeaz gan, programa honek Bilboren kultur eskaintzea deszentralizetan laguntzen dauela azpimarratu dau Udalak.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu