Bilboko Triatloian izena emoteko epea zabalik
2018-01-08 12:43 KultureaItsasadarra, Ganguren eta Bilboko auzo barriak izango dira ibilbidearen ardatza.
2018ko maiatzaren 26an egingo dabe Bilboko Triatloiaren zortzigarren edizinoa eta izena emoteko epea edegi dabe dagoeneko. Kirol-proba honek bere ezaugarri nagusiei eutsiko deutse: uger egiteko partea itsasadarrean egingo dabe, bizikletearena, barriz, Ganguren Ganen, eta oinezko lasterketearen zirkuitua Bilbo barriko toki adierazgarrienetatik pasauko da, besteak beste, Abandoibarrako pasealekutik, Guggenheim Museotik eta udaletxetik, Arenalean amaitzeko.
Bilboko Triatloia uriaren kirol-egutegiko hitzordu finko bat da. Aurtengo edizinoan, aukera bi izango ditue parte-hartzaileek, distantzia erdia zein olinpikoa. Igaz hamabost herrialde baino gehiagotatik etorritako 1.200 triatletak parte hartu eben, eta milaka zale batu ziran.
Proban izena emoteko prezio hobariduna (distantzia erdia 90 € eta distantzia olinpikoa 48 €) urtarrilaren 31ra bitartean egongo da indarrean, eta maiatzaren 13an (edo plaza guztiak beteten diranean) amaituko da izena emoteko epea. Modalidade bietako edozeinetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa izango da federazino-lizentzia indarrean izatea. Izena emoteko, hemen.
Aurten beranduago zabaldu dogu izena emoteko epea, dana ondo lotuta izan dogunean, gure asmoa mila parte hartzaile inguru izatea da, adierazo dau probearen zuzendariak. Triatleta profesionalen baieztapenaren faltan, helburuetako bat goi-mailako atzerritarren parte-hartzea sustatzea izango da.
2018ko edizinoko distantzia erdiko erakargarritasun nagusietako bat Espainiako txapeldun Gustavo Rodríguezek bosgarrenez irabaziko ete dauen ikustea izango da, baita Judith Corachánek, igazko arrakastearen ostean, bigarrenez irabaziko ete dauen jakitea be. Distantzia olinpikoan, 2017ko proban Charlotte McShane australiarrak eta Luis Miguel Velasquez venezuelarrak irabazi eben. Ganera, Bilboko triatloiaren beste helburu bat emakumeen parte-hartzea sustatzea izango da.
Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Otxandianoren ustez, Bilboko Triatloiak dakar gure itsasadarraren aldeko apustuari eustea, baita uriko kirol-ekitaldien aldekoari be.
Bestalde, Asier Alearen, Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusiaren arabera, Bilboko Triatloia goi-mailako kirol-proba bat baino gehiago da. Europan eredu izateaz gan, ezinbesteko hitzordua da gero eta ezagunagoa eta gero eta jarraitzaile gehiago dituan kirol honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!