Bideojokoen nazinoarteko topaketea egingo dabe Bilbon
2018-01-08 09:53 KultureaGlobal Game Jam ekimena hartuko dau Azkuna Zentroak hilaren 26tik 28ra.
AzPlay programearen barruan, Bilboko Azkuna Zentroak eta Delirium Studiosek atondu dabe Global Game Jam topaketako aurtengo edizinoa.
Ekimenaren bidez, Bilbo diseinatzaile, garatzaile, programatzaile, 3D modelatzaile, artista eta askotariko jente eta background-en topaleku bihurtuko da. Bertan, parte-hartzaileek joko digital edo analogiko bat sortu beharko dabe 48 orduan; ekitaldia hasi arte, antolatzaileek isilpean gordeko dabe zeren ganekoa izango dan aurtengo gaia.
Global Game Jam mundu osoko hainbat herrialdetan egiten da aldi berean, urtarrileko azken asteburuan. 2009tik dabiz atontzen, eta urteakaz parte-hartzea hazten joan da. Ezaugarri honeetako topaketen artean, mundu osoan hau da entzutetsuena eta ezagunena. Joan dan urtean, 700 lokalizazino izan zituan mundu osoko hainbat uritan.
Ekitaldiaren izenak musikarien artean bat-batean inprobisautako jam session saioetan dau sorburua, ekitaldiaren izakerea edegia, bat-batekoa eta sortzailea dalako. Global Game Jam Bilbaok filosogia horregaz bat egiten dau, inguruko talenturik onenagaz, prototipo esperimental eta barritzaile txikiak lortzeko.
Topaketa honetan, bideojokoak eta mahai-jolasak sortzeko interesa dauen edozeinek parte hartu ahal izango dau; hilaren 26an, arrastiko 18:00etatik gaueko 23:00etara izango da eta 27an eta 28an, barriz, goizeko 8:00etatik gaueko 23:00etara, Azkuna Zentroan, jarduera osogarrien aretoan. Izena emoteko hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!