Aurten ez dabe Gorbeia Suzien egingo
2018-01-05 08:02 KultureaUrteotan lasterketeak izandako garapenagaz bultzatzaileak pozik dagozan arren, 2018an ez dabe antolatuko.
Arratiako eta, batez be, Gorbeiako paraje ikusgarriak ezagutzera emoteko sortu eben Gorbeia Suzien mendi-lasterketea 2011n, baita euskal kulturea zabaltzeko be. Antolatzaileek sare sozialetan plazaratutako ohar laburrean azpimarratu dabenez, oso pozik dagoz lasterketeak urteotan egin dauen bideagaz, helburuak bete dituela uste dabe eta.
Kirol arloan be, gauzak ondo joan dirala dinoe, izan be, lasterketa txiki eta herrikoi legez hasi zana, urte gitxian erreferente bihurtu da Europan. Parte-hartzaileek gustura hartu daben lasterketea da Gorbeia Suzien eta, ganera, 2017ko edizinoan Sky mailako Europako zirkuituaren parte izan da. Europa mailako erreferente izatera heldu gara, hau guztiau gure hizkuntzea, kulturea zein gure ingurunea, Gorbeia, Zeanuri eta Arratia, Europaren begiradapean jarrita, adierazo dabe antolatzaileek sare sozialetan.
Orain arteko balantzea bikaina dan arren, 2018an ez dabela Gorbeia Suzien antolatuko azaldu dabe, ez dabe arrazoi zehatzik emon, zenbait arrazoi dagozala aitatu dabe, besterik ez. Hurrengo urteetan lasterketea barriro egingo dan ala behin betiko amaitu dan be ez dabe argitu oraingoz. Eskerrak emon nahi deutseguz batez be herritarrei, baita parte-hartzaile eta babesleei be, zuek barik egindako lana ez litzateke-eta posible izango, gehitu dabe.
Zeanurin eta Arratian urtero arrastoa ixten izan dauen ekimena izan da Gorbeia Suzien, asteburu osoko egitarau eta guzti. Urriaren hasieran antolatzen izan dabe. Lasterketa nagusiaz gan (2017an, 31 km. izan zituan), herrikoia be egiten izan dabe, laburragoa, oinez zein galapan egitekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!