XI. Mendi Film Festivalen kartela aukeratzeko lehiaketea abian

Bizkaie! 2018-01-03 11:27   Kulturea

Martiaren 31ra arteko epea dago CVCEPHOTO argazki-lehiaketan parte hartzeko.

Christoph Jorda alemaniarraren 'The Lighthouse' izan zan 2017ko irabazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendiagaz, natureagaz eta abentureagaz lotutako jaialdiaren 10. edizinoa amaitu barri, hurrengo edizinora begira jarri dira Mendi Film Festivaleko arduradunak. CVCEPHOTO argazki-lehiaketea abian ipini dau Club Vasco de Camping mendi taldeak, eta Mendi Filmen 11. edizinoko kartela horko parte-hartzaileen artean aukeratuko dabe.

CVCEPHOTO Mendiko Jardueren Nazinoarteko Argazki-lehiaketako laugarren edizinoa da honako hau. Argazkiak bialtzeko epea zabalik dago martiaren 31ra arte. Profesionalek zein amateurrek parte hartu leikie eta mendian egin leiteken jarduera ez-motorizaduren bat agertu beharko dabe aurkeztutako lanean, hau da, alpinismoa, eskia, parapentea, espeleologia, BTT, eskaladea eta abar. Gehienez hiru argazki entregau leikez bakotxak. Oinarriak, hemen.

Behin epea amaituta, lehiaketako antolatzaileek argazki finalistak aukeratuko ditue eta maiatzaren 7an emongo dabe horreen barri. Bagilaren 2an, ostera, irabazleak aukeratu eta lehiaketako argazki onenen erakusketea zabalduko dabe.

11. Mendi Film Festivaleko argazkia izango da saritu nagusietako bat, izan be, 700 euro emongo deutsiez horren egileari eta jaialdia iragarteko euskarrietan agertuko da argazkia. Baina beste sari batzuk be egongo dira: Lehenengo Saria (1.400 euro eta Iñigo Aristeguik egindako garaikurra), Bigarrena (700 euro) eta Hirugarrena (300 euro). Horrezaz gan, 17 ohorezko aitamen edo diploma be emongo ditue.

Epaimahaian mendiaren alorreko adituak eta argazkilari entzutetsuak egongo dira. Irabazleak aukeratzeko orduan, konposizinoa, teknikea, unea eta originaltasuna hartuko ditue kontuan. Bilbao Mendi Film Festivaleko karteleko argazkia aukeratzeko, ganera, bestelako erespide batzuk be gogoan izango ditue, jaialdiaren ezaugarrietara egokitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu