Inoz baino bisitari gehiago izan ditu Guggenheimek 2017an
2018-01-03 10:03 KultureaXX. urteurrenagaz bat eginez, 1.322.611 persona hurreratu dira Bilboko museora.
Amaitu barri dan urtea aparta izan dala dinoe Guggenheimeko arduradunek, eta XX. urteurrenagaz Bilboko museoak izan dauen publikoaren babes zabalari esker izan dala nabarmendu dabe. Bai erakusketak ikustera bertaratutako bisitari-kopuruari jagokonean, baita ospakizun-ekitaldietara hurreratutako herritar andanari erreparauta be. Kultura-jardueretako TopARTE programetan publikoak izandako parte-hartze handiaz gan eta aurten jasotako autorpenakaz batera, Guggenheim osasun betean dagoala aitatu dabe arduradunek eta hamarkada biko ibilbidearen ondoren, proiektu erakargarria izaten segiduten dauela ganeratu dabe.
Bisitariei jagokonez, 1.322.611 dira 2017. urtean Bilboko museora hurreratu diranak, 2016an baino % 13 gehiago. Inozko daturik onena da hori. Orain arteko urterik arrakastatsuena 1998a izan zan.
Bill Violaren atzera begirako erakusketea izan da 2017. urteko jentetsuena, 710.000 bisitari erakarri ditu eta. Parisko XIX. mendearen amaierako artistei eskainitakoak be miloe erdi bisitari baino gehiago hartu ditu. Nabarmentzekoa da, bestalde, museoaren 20. urteurrenaren harian urrian antolatutako Reflections zuzeneko ikuskizunagaz 300.000 persona baino gehiagok gozau ebela.
Jatorri geografikoa kontuan hartuta, aurreko urteetako atzerritarren kopuru handiari eutsi jako 2017an be: espainiarrak (% 17) eta frantsesak (% 16) etorri dira Bilboko museoa ikustera, baita Britainia Handitik (% 7), Alemaniatik (% 5) eta Ameriketako Estadu Batuetatik (% 5) be. Euskal Herritarrak bisitarien % 21 izan dira Guggenheimen.
Kontuan hartzekoak dira ondokoak be: abenduan Udalak Bilboko Uriaren Enbaxadore izentau eban museoa; zemendian, European Cultural Brand of the Year saria jaso eban Berlinen, eta Arteen Cambio 16 Saria be irabazi eban. Horrezaz gan, irailean, Estaduko museorik gardenena izentau eben hirugarren urtez segidan, eta, bagilean, diseinuaren Laus sari bi jaso zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!