Ozentziyo egurrezko azken ontzia erabarritzen dabil Albaola
2017-12-29 11:03 KultureaEuskal itsas eta kultura ondarea hedatzea dau helburu proiektuak.
Ozentziyo da Gipuzkoan hegaluzea arrantzatzeko erabili dan egurrezko azken arrantza-ontzia, hau da, Euskal Herrian eregitako azken itsasontzi tradizionaletako bat. Lekeitioko Mendieta ontziolan eregi eben 1990. urtean eta 24 urtez ibili da lanean hainbat itsasotan eta kalatan: Bizkaiko Golkoan, Mediterraneoan, Azoreetan, Irlandako kostaldean eta abar.
Orain Albaola alkarteak Ozentziyo erabarritzeko ardurea hartu eta dagoeneko lanen zati bat egin dau. Halandabe, ontzia doitzeko hainbat hilebetetako lana egin beharko da oraindino. Itsasontzi hori zaharbarriztuteko proiektuak ondokoa jasoten dau: brankako gelea aldatzea eta zazpi personarentzako gela bihurtzea, txopako gelea biltegi bihurtzea eta egiturea hobetzea, egoera txarrean dagoan egurra ordezkatuta. Horrezaz gan, makineria-tanborreko etxolea handitu eta sukalde bat instalau dabe, eta herdoilduta egozan brankako eta txopako mastak konpondu ditue.
Zaharbarrizte lanetan segiduteko eta tresneriaz horniduteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 106.802 euroko diru-laguntzinoa emon deutso Albaolari. Alkartearen helburua da euskal itsas eta kultura ondarea hedatzea, eta, esangura horretan, konpondu nahi dau ondare-balio handia dauen arrantza-ontzia.
Aitatu laguntzinoagaz, uretan mantenidu ahal izango da ontzia, baina arrantzaz bestelako arloetan; helburua da Albaola alkartearen lanari esker, itsasontzi horrek bere egitureari ahalik eta zorrotzen eustea, ikasleei edo alkarteagaz lotuta dagozanei mueta horretako arrantza-ontziak erakusteko eta azaltzeko, izan be, gure kostaldetik desagertzen dabiz era horretako itsasontziak.
Albaola Itsas Kultura Faktoria Pasai San Pedron kokatuta dago, eta itsas teknologia zaharra berreskuratzea eta horri balioa emotea dau helburu, baita euskal itsas eta kultura ondarea zabaltzea be. Espazio horretan, ontzigintzeagaz, itsas modelismoagaz, nabigazino-irakaskuntzeagaz eta arte eszenikoakaz lotzen diran jarduerak egiten dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!