Berrizko ondarea zabaltzeko liburuxka bi plazaratu ditue

Bizkaie! 2017-12-29 14:10   Kulturea

Aurretik egindako bideo biren osogarri dira Labayru Fundazinoaren eta Berrizko Udalaren argitalpenok.

Berrizko herriaren ondarea auzotarrei zein bisitariei era atseginean hurreratzeko ahaleginean, Arrierreka, uraren indarra eta Baserria, gure zuztarrak ezagutzen izeneko liburuxka bi argitaratu ditue Labayruk eta Udalak egunotan. Izen bereko bideo bana daukie oinarrian eta orduan landutako gaiak beste formatu baten batu eta zabaltzea izan da argitalpen honen asmoa.

Liburuxkek ibilbide bana azaltzen dabe, Berrizko parajeetatik egitekoak. Ondarearen ganeko datuak emoteaz ganera, ibiltariek bidean topauko dabenaren ganeko jakingarriak be badakarrez. Itxura arineko liburuxkak dira, meheak eta erraz irakurteko modukoak. Euskeraz idatzita dagoz, gaztelaniazko eta ingelesezko laburpenagaz.

Arrierreka, uraren indarra izenekoan, erreka inguruan sortutako garapena eta industria tradizionala lantzen da: Olak eta errotak batetik eta geroago agertutako argindar-makinak bestetik. Industriarako ez eze, errekako ura ezinbestekoa izan da nekazaritzan eta abeltzaintzan, baita garraiorako be. Olak, zubiak, errotak eta bestelako azpiegitura batzuk ikusiko ditue bisitariek liburuxkako ibilbideari segidu ezkero.

Beste liburuxkeak, Baserria, gure zuztarrak ezagutzen izenburua dauenak, baserriaren inguruan egituratutako bizimodua dau ardatz. Baserriaren beraren egiturea eta Berrizko bizitzan izan dauen esangurea aztertzen dira bertan. Ibilaldian, Berrizko auzoak ezagutuko ditue ibiltariek, eta antxinako baserri batzuk ikusi. Bide batez, udalerriko toponimoen barri izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu