XII. Punta Galea Challenge, olatu handien txapelketea zapatuan izango da

Bizkaie! 2017-12-29 08:14   Kulturea

Baldintza egokirik ez eta bertan behera itxi zituen aurreko edizino biak.

Antolatzaileek ohar baten bidez jakitera emon dabenez, XII. Punta Galea Challenge surf lehiaketea zapatu honetan, hilaren 30ean, jokatuko da, goizeko 09:00etan hasita. Hortaz, olatu handien modalidadeko surflari trebeenak Getxoko uretan ikusteko aukerea egongo da. Danetara,  24 surflarik parte hartuko dabe, erdiak Euskal Herrikoak eta beste erdiak kanpokoak. Aritz Aranburu euskal surflari ezaguna eta aurreko edizinoko irabazle Nic Lamb amerikarra Punta Galean izango dira:

Zaleek nahi baino gehiago itxaron behar izan dabe hitzordu hau heldu arte, izan be, aurreko urte bietan bertan behera geratu zan txapelketea, itsasoaren egoerea ez zalako era horretako txapelketa baterako aproposa. Aurten be, orain dala hile bi zabaldu eben itxarote-aldia, baina orain txapelketea egin ahal izango dalakoan dagoz antolatzaileak, azken orduetako eguraldi-iragarpenak ikusita.

Zapatuan olatu handi eta ugariak egongo dirala dino aurreikuspenak; haizea makal ibiliko da eta hori ona da Getxon olatu egokiak sortu daitezan. Hartara, antolatzaileek aurrera jo dabe eta parte-hartzaileei dei egin deutsie.

Aurten Punta Galea Challenge ez dago Big Wave Tour nazinoarteko zirkuituaren barruan, konbidapen bidezko txapelketea da barriro, hasierako urteetan legez. Olatu handien modalidadeko Europako lehiaketarik zaharrena da Getxokoa.

Getxo Kirolak udal-erakundeak dobako autobus zerbitzua ipiniko dau zapatuan, Punta Galea Challenge txapelketea ikusten joan nahi daben zaleei erraztasunak emoteko. Getxon, Bidezabaleko metro geltokiaren eta Punta Galearen arteko bidea egingo dau autobusak, 10:00etan hasita. Orduro urtengo dau eta bueltako zerbitzua txapelketea amaitu arte eskainiko dabe. Aurreko urteetako datuak aintzat hartuta, 12.000 ikusle inguru espero ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu