Holan dabil munduko metrorik handiena
2017-12-29 14:09 BidaideTrafikoak itotako megaurian, kudeaketa onaren uhartea da metroa eta horrek azaltzen dau zergaitik dan herritarrek gehien erabilitako eta ondoen balorautako garraiobidea.
Ordurik jentetsuena da eta Herriaren Plazea ganez egitear da. Megafonoetatik oihuka, Shanghaiko metroko beharginak jente uriolea zuzentzeko ahaleginean dabiz, baina arrakasta handi barik. Eurentzat zorionez, Txinako uriburu ekonomikoan ez da Tokiokoen moduko bultzatzailerik behar. Bidaiariek eurek zapaltzen dabe alkar, kanpotik harrigarri dan eta barrutik ikaratzeko modukoa dan melé-an.
Herriaren Plazea munduko metrorik luzeeneko geltokirik jentetsuena da. Egunero 700.000 lagun pasetan dira hiru linea garrantzitsu batzen dituan alkargune honetatik. Eta gehiago be izan eitekezan, izan be, egunero 10 miloe lagunek erabilten dabe Shanghaiko metroa, 24 miloe biztanleko megalopolisean leku batetik bestera joateko. Apirilean, maiatzaren 1eko zubiaren aurretik, errekorra ezarri zan 11,8 miloe bidaiarigaz. Era horretara, munduko metrorik jentetsuenetan bigarrena be bada, aurretik Japoniako uriburukoa baino ez dauela.
Sarearen kontrolgunean, dozena erdi gizon eszeneari adi dagoz, 30.000 segurtasun-kameren seinaleari esker. Jente-piloketak nabarmenak dira pantailaz betetako horma erraldoian, baina trenak normaltasunez dabiz. Linea guztiak berde agiri dira, eta kontrolguneko arduradunek ziurtatu dabe gitxitan dagozala gorabeherak 617 kilometroko sarean. Sare horren parte da munduko linearik azkarrena, Pudong eta nazinoarteko aireportua 431 km. orduko abiaduran lotzen dituan tren magnetikoa.
Trafikoak itotako megaurian kudeaketa onaren uhartea da metroa eta horrek azaltzen dau zergaitik dan metroa herritarrek gehien erabilitako -% 53- eta ondoen balorautako -8,7ko notea- garraiobidea. Gaur egun 367 geltoki doguz 15 lineatan, baina beste hiru zabaltzear gagoz, aurreratu dau Shao Weizong-ek, Shanghaiko metroa kudeatzen dauen Shentong Metro konpainiako presidenteordeak. Eta ganeratu dau 2030erako mila kilometro baino gehiagoko sarea nahi dabela. Espainia iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko lain ia.
Danetara, 4.000 tren dabiz sarean % 99,82ko puntualtasunez eta 28.000 personako armadea, bidaiari gehienek erreparau be egiten ez deutsien arren, dana ondo ibili daiten arduratzen da. Gaueko bederatzietatik aurrera, biltegi ikusgarrietara heltzen hasten dira konboiak, Tang Jinrong eta ganerako beharginek aztertu daiezen: Operazino asko eskuz egin arren, kamerak ipini doguz, dana ondo doala lehenago eta ziurrago jakin ahal izateko, dino, 8. lineako trenetako baten gora eta behera dabilen bitartean.
Denpora galtzerik ez dauka, goizaldeko bostetan lehenengo trenek urten behar dabe eta. Fei Choaxia 3. lineako 300 gidarietako bat da. Shanghai beheganea baino goragotik eta zirkulua osotuaz zeharkatzen dau linea horrek. Ikusmira parebakoa dago kabinatik, baina Feik ez dau begirik kentzen bide ertzean agertzen jakozan seinaleetatik. Txitean pitean besoa altzau eta seinaleak ikusi dituala baieztatzen dau; Sistema zaharra da eta sistema elektroniko barriago batzuk sartzen hasi dira honen ordez, kontau deusku.
Fei gidari beteranoenetako bat danez, praktiketan dabizan gazte ugarietako bat dauka kabinan alboan. Shanghaiko metroan formakuntzea jaso eta Txina guztian lan egiten dabe gero, hau baino uri exijenteagoak gitxi diralako eta makinistentzako lanpostuak badagoz, dino. Lehenengo hiru hileko ikastaro teorikoa eta azterketea pasau behar ditue, ondoren sei hilez praktiketan ibili, ganeratu dau. Segurtasuna lehentasunetako bat da, horretan danak datoz bat.
Tamainu handikoa dan arren, Shanghaiko metroak istripu benetan larri bakarra izan dau: 2011ko irailean, seinale batek huts egin eta ondorioz 10. lineako tunelean tren bik alkarren kontra jo eben: 280 zauritu eragin zituan istripuak. Txinan ohikoa dan ezkero, gobernuak burdinezko eskua erabili eban istripuaren ikerketan, eta hiru goi-kargu lanpostu barik geratu ziran. Gaur egun, baina, metroaren arazoak beste batzuk dira. Kezkagarrienetako bat, emakumeek konboietan jasaten daben jazarpen sexuala da; 2012an egindako inkesta baten arabera, era horretako jazoeraren bat izan dabe emakume bidaiarien % 13,6k. Dana dala, Shaok baztertu egin dau emakumeentzako bagoi esklusiboak ipintea, Txinan bertan eta munduko beste leku askotan ipini dituen modukoak. Ez litzateke praktikoa izango. Bidaiarien kopurua handiegia da eta konponbidea arazoa baino txarragoa litzateke. Urtenbidea bidaiariei errespetua erakustea, kamera eta polizia gehiagoren bidez segurtasuna hobetzea eta erasotzaileak gogor zigortzea da. Horretan gabiz, Shanghaiko metroa munduan eredugarri izatea nahi dogu eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!