Egoitz Ikazak irabazi dau Euskadiko Biodibersidadearen II. Argazki Lehiaketea
2017-12-28 10:53 KultureaIspiluaren isla argazkian, txirri arrunta izeneko txoria agiri da, Barbadun ibaian.
Eusko Jaurlaritzeak antolatu dau, bigarren aldiz, Euskadiko biodibersidadearen inguruko Natura 2000 Sarean Argazki Lehiaketea. Bilbon Ihobe agentzia publikoaren egoitzan egin dabe sariak banatzeko ekitaldia. Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak lehenengo saria emon deutso Egoitz Ikazari, Ispiluaren isla izeneko argazkiagaitik; bertan, txirri arrunta izeneko txoria agiri da, Muskiz inguruko Barbadun itsasadarraren uretan islatuta; saria 700 eurokoa izan da.
Egoitz Ikaza argazkilari gaztea baina eskarmentu handikoa da; batez be, txoriei ateratzen deutsez argazkiak eta lehiaketa honen kasuan be, txori bat da protagonistea, Euskal Herriko faunearen aberastasuna erakusten dauena: Izan be, ohiko espezie ezagunez gan, geure inguruko baso eta paduretan beste txori asko bizi dira, esaterako, txirri arrunta izeneko hau.
Bigarren saria, 500 eurokoa, Guillermo Gonzálezi emon deutsie, Gezi urdina izeneko argazkiagaitik; argazkia Mungiako Laukariz klub hipikoaren inguruan atera eban eta martin arrantzale batek arrain txiki bat jaten dauen unea hartzen dau. Hirugarren saria, 300 eurokoa, Pablo Pérezek irabazi dau, Aintzira argazkiagatik. Arabako Errioxako paisaje bat erakusten dau.
Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu dauenez, Euskadik fauna, flora eta paisaje aberastasun natural itzela dauka. Europako lurralde txiki bat izan arren, altxor natural handia daukagu gurean. Lehiaketa hau bioaniztasuna nabarmentzeko aukera parebakoa dala ganeratu dau, gure ondare kulturalaren parte garrantzitsua da eta ezagutzan, osasunean, astialdian eta turismoan laguntzen dau.
Aurkeztutako 47 hautagaitzen artean aukeratutako argazki irabazleak eta bederatzi argazki finalistak Ihoberen eta Ekoetxeen 2018ko egutegian agertuko dira. Erakunde horreen bien egoitzetan banatuko ditue egutegiak bisitarien artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!