Petronorren maketa historikoak emon deutsiez Jaurlaritzeari

Bizkaie! 2017-12-28 08:58   Kulturea

Euskal ondare industrialaren erakusgarri bikaina dira 1970 eta 2000. urteen arteko piezak.

Migel Gutierrez eta Bingen Zupiria, atzean maketak dituela (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Petronor lantegiak hitzarmena sinatu dabe. Horren arabera, findegiaren eraikuntzan erabili ziran maketak Jaurlaritzearen esku egongo dira aurrerantzean, ondare industrialaren ikuspegitik balio handikoak dira eta. Bilboko Zorrotzaurre auzoko Konsoni lantegiaren eraikinean gordeko ditue piezak.

Bingen Zupiria sailburuak eta Migel Gutierrez Petronorreko zuzendari nagusiak sinatu dabe hitzarmena; Gure herrian dogun enpresa garrantzitsuenetako bat da Petronor, eta industria-ondarearen ikuspegitik balio handikoa da itxi deuskuen material guztia, azaldu dau Zupiriak, gure historiaren garai bat islatzen dabe maketa honeek guztiek, eta Eusko Jaularitzeak jagon egin behar dau ondare hau.

Petronorrek azaldu dauenez, maketetan findegiaren eraikuntzearen faseak ikusten dira, 1970etik 2000ra arte, izan be, 2000. urtetik maketak digitalak dira, baina lehen fisikoak izaten ziran eta Petronorren historiaren kronistatzat ditue konpainian.

Findegiaren maketez gan, Petronorrek petrolio ontzien hainbat maketa be itxi ditu Eusko Jaurlaritzearen esku. Sasoi baten, horreek ontziek gordina garraiatzen eben jatorrizko herrialdetik Zierbenako Itsas-terminalera arte, Bilboko Portuan. Hortaz, konpainiaren jarduerearen barri emoten daben material ugari ikusi leitekez Konsoni Lantegiaren eraikinean atondu daben biltegian.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu