Zazpi artistaren erakusketa bana egongo da 2018an BilbaoArten
2017-12-27 10:20 KultureaInés García, Manuel Blázquez, Zuhar Iruretagoiena Labeaga, Ion Macareno, Beatriz Sánchez, María Benito eta Uxue López artista egoiliar izan dira 2017an.
Datorren urterako erakusketen programazinoaren barri emon dau BilbaoArte zentruak. Zezeiletik zemendira bitartean, zazpi erakusketa antolatzeko asmoa daukie, BilbaoArten bertan erresidentzia artistikoa egin daben beste horrenbeste sortzaileren eskutik. Modu horretara, aurtengo ikasturtean landutakoa erakutsi ahal izango dabe horreek artistek eta zentruan egiten dan lana ezagutuko dau publikoak.
BilbaoArteko arduradunek azaldu dabenez, 2018ko programazinoan eskulturea, esperimentazinoa eta digitalaren eta analogikoaren arteko alderaketea izango dira nagusi. Erakusketa guztiak BilbaoArteko instalazinoetan bertan produziduko ditue eta han ikusi ahal izango dira. Bilboko Urazurrutia kalean dago erakuslekua.
Zezeilaren 2tik martiaren 2ra, Inés Garcíaren txandea izango da lehenik eta behin; Winterreisse erakusketea Franz Schubert konpositorearen izen bereko obran oinarrituta dago. Ibiltari baten barruko mundua agirian itxiko dau Garcíak, neguko paisaje baten bidez.
Hurrengo erakusketak honeek izango dira:
Manuel Blázquez, Abundante amigable compuesto, martiaren 9tik apirilaren 6ra.
Zuhar Iruretagoiena Labeaga, Hebra, apirilaren 13tik maiatzaren 11ra.
Ion Macareno, Displacement, maiatzaren 18tik bagilaren 15era.
Beatriz Sánchez, Estado líquido, abuztuaren 17tik irailaren 14ra.
María Benito Píriz, Sprechgesang, irailaren 21etik urriaren 19ra.
Uxue López, Compuestos 2.0, urriaren 26tik zemendiaren 23ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!