Koopera, Gerediaga, Ramón Barea, Abel Barriola eta Ez beti da Ez sarituko ditu Sabino Aranak

Bizkaie! 2017-12-26 13:32   Kulturea

Urtarrilaren 28an jasoko ditue sariak, Bilboko Arriaga Antzokian.

Sabino Arana Sarien 2017ko edizinoko irabazleen barri emon dau Sabino Arana Fundazinoak. Sariketearen 19. aldi honetan, alkarte bi, norbanako bi eta gizarte arloko kanpaina baten lana nabarmenduko dabe: Durangaldeko Gerediaga, Koopera gizarte eta ingurumen ekimena, Ramón Barea zinemagilea, Abel Barriola pilotari ohia eta Ez beti da Ez jazarpen matxistearen aurkako kanpaina kolektiboa:

Sari honeen bidez, Sabino Arana Fundazinoak autortzea egiten deutse gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agirikoa erakusten daben persona, erakunde edo alkarteei. Abertzaletasunaren aitzindari Sabino Aranaren jaiotzearen urteurrenaren inguruan emoten ditue sariak urtero. Aurten 2018ko urtarrilaren 28an izango da hitzordua, 12:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian. Kresala bikoteak, hau da, Ane Ibarrak (biolina) eta Nora Lopezek (txeloa), girotuko dau ekitaldia.

Fundazinoko presidente Juan Mari Atutxak adierazo dauenez, Koopera sarituko dabe apustu sendoa egin dauelako 25 urte baino gehiagoan, gizarte-bazterkeriako egoeran edo horren arriskuan dagozan personen gizarteratzea eta laneratzea errazten eta ingurumena sustatzen eta jagoten. Alkarlanean eta konpromiso sozialean oinarritutako lana da Kooperarena, Fundazinoko kideen ustez: ekarpen esanguratsuak dira gizarte-kohesinoa lantzeko, ekonomia zuzen eta solidarioagoa bideratzeko eta, ingurumenaren ikuspegitik, jasangarriagoa izateko.

Beste sarituetako bat Ramón Barea zuzendari eta produktorea da, azken lau hamarkadetako euskal zinema eta antzerkiaren erakuslerik nagusienetakoa dalako. Honako sari honek Barearen lan eta bizimolde oparoa eta arte eszenikoei eskainitako konpromisoa autortu nahi dau. Era berean, Ramón Barea ezaguna dogu antzerki-proiektu arriskutsu, barritzaile eta sortzaileak bultzatzen, bai eta balio barriak sustatzen be.

Sabino Arana Fundazioak Gerediaga alkartea be aintzat hartu eta sarituko dau, Durangaldeari eta Euskal Herri osoari egin deutsan ekarpen handiagaitik. Atutxaren esanetan, diktadurearen urte baltzetan ereindako haziak Durangoko Azokea bilakatu dau euskal kulturgintzearen eta sorkuntzearen erdigune, alkargune eta nahitaezko hitzordu. Gerediagak Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta tradizionala jagoten eta zabaltzen jardun dau eta aurrendaria izan da Memoria Historikoa lantzen eta aldarrikatzen, azpimarratu dau.

Abel Barriolaren kasuan, esku-pilotan irabazitako txapel eta lehiaketez gan, kirolari eredugarria izan dala azpimarratu dau Sabino Arana Fundazinoak. Barriolak kantxetan balore ugari landu ditu: profesionaltasuna, lana, apaltasuna, gizalegea, zoritxarraren kontrako kemena eta herri, kultura eta hizkuntzeagaz konpromisoa.

Azkenik, Fundazinoak bazter guztietan entzuten dan Ez beti da Ez garrasi kolektiboaren esangurea aintzatetsi eta saritu dau; Garrasi horrek, alde batetik, indarkeria sexistea jasan daben emakumeen ahots ikaratu eta ia beti isildua daroa; bestetik, gizartearen gatx larri horren aurkako burruka sutsuan dabizan alkarte, herri-ekimen eta erakundeen ahots arduratsu eta ekintzailea; eta azkenik, euskal gizarte osoaren ahots tinko eta kementsua, indarkeria guztiak errotik desagerrarazoteko kontzientziazino sendoa daukan ahotsa, dinoe Fundazinotik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu