Basque Team Fundazinoak 10. urteurrena ospatu eta hurrengo erronkak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2017-12-22 08:54   Kulturea

Eguzkilore Urdina emon deutsie aurten goi mailea itxi daben kirolariei: Unai Elorriaga txirrindulariari, Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra hockey jokalariei eta Kiyoshi Uematsu judokeari.

Basque Team Fundazinoak bere kirolarietako asko eta enpresa eta erakundeetako hainbat ordezkari batu zituan Gabonetako galan, Bilbon; saioan 250 konbidadu baino gehiago izan ziran, teknikariak eta Fundazinoagaz hamar urte honeetan loturik egon diran babesleak eta federazinoeteko kideak tarteko: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru izan zan, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak, Maite Iturbe EiTBko zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak lagunduta.

Fundazinoaren 10. urteurrenari eskainitako tarteagaz hasi zan galea; Haatik jantza taldeak ospakizunerako sortutako koreografiak, zuzeneko musikaz eta ikusentzunezko pieza batez lagunduta, Fundazinoa sortu zanean ereindako hazi haretatik kimatu dan guztia nabarmendu eban: Lagun eiguzu kirol-hazia ereiten, horixe izan zan galearen leloa. Basque Teamek deia egin eban, goi mailako euskal kirolean datozen urteak be orain artekoak bezain oparoak izan daitezan. Maite Iturbe Fundazinoko presidenteordeak konbidaduei ondo etorria egin eta ondoren Jon Esturok, Mikel Odriozola atletearen teknikariak, bertsoa bota eban kirolari eta teknikarien ordezkari legez.

Horren ostean, Basque Teamek hamar urte honeetan kirol arloan emon dauena zehazteko momentua heldu zan. Momenturik onenak azpimarratu zituen Maialen Chourraut eta Ander Elosegi piraguisten, Ainhoa Murua triatletearen, Leire Olaberria eta Amador Granados txirrindularien, Pablo Carrera eta Kako Aranburu tiratzaileen eta Patricia Elorza eta Eli Pinedo eskubaloi jokalarien adierazpenen bitartez.

Ondoren, agurrei eskainitako tartean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria dan Jon Redondok Eguzkilore Urdina emon eutsen aurten goi mailea itxi daben kirolariei: Unai Elorriaga txirrindulariari, Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra hockey jokalariei eta Kiyoshi Uematsu judokeari.

Ekitaldiaren hurrengo zatian, etorkizunera begiratzeko eskaerea egin jaken konbidaduei; Goi mailako kirolarien laneratzea bultzatzeko hitzarmena Fundazinoagaz sinatu daben patronalakaz, Quiron Salud bere kolaboratzaile nagusiagaz eta beste erakunde batzuekaz batera, BaloreetanBAT proiektua aurkeztu eban Basque Teamek. Proiektu horren bitartez, Fundazinoak lankidetza estrategiak sortu nahi ditu enpresa munduan eta hezkuntzan, gizarteak hamar urte honeetan Basque Teamen inbertidu dauena bueltan emoteko asmoz. Eliteko kirola Euskadiko ezaugarri bereizle bihurtzea da asmoa, kirolaren eta osasunaren inguruko ezagutzak bultzatuz eta gizartean aplikauta, eta kirola bizitza sozialaren ardatz eta elementu dinamizatzaile bilakatuz.

Enpresen munduan, hezkuntzan eta osasunean aukera eta ekimen barriak sortzeko, eta integrazino sozialaren aldeko apustua azpimarratzeko Basque Teamek bost enbaxadore izango ditu: Alberto Iñurrategi alpinistea, Maider Unda burukalaria, Naiara Gomez piragüistea, Richar Oribe ugerlaria eta Eneko Llanos triatletea. Bost kirolariak aukeratu ditu Fundazinoak Basque Team Baloreak zabaltzeko euskal gizartearen mesederako. Etorkizunera begituta, baloreez gan, Fundazinoak ez ditu alboratzen kirol helburuak. Aurten PyeongChangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak izango dira Basque Teameko erronka handiena. Ekitaldian neguko kirolariakaz grabautako telebistarako iragarkia aurkeztu eben, baita ETB1en eta ETB2n urtarrilean estreinauko dan BAT To PyeongChang saioa be.

Galea amaitu baino lehen kirolarien lana nabarmendu nahi izan eban Basque Teamek: Kirolari olinpiko onenaren Eguzkilore Zuria Lucas Eguibar snowboardlariari emon eutsien, kirolari ez olinpikoarena Patxi Peula patinatzailari eta kirol egokituan Jon Santacana eskiatzaileari eta Aitor Francesena surflariari.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren berbakaz zarratu eben ospakizuna: Basque Team Fundazinoak 10 urte bete ditu baina oraindino beste asko geratzen jakoz aurretik, lan asko dago egiteko eta horregaitik goi mailako kirolean ereiten eta arrakastak jasoten jarraitzeko animetan zaituet. Banatutako kirol-haziak ereiten lagun eiguzue eskatu eban Bingen Zupiriak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu