2018an ez dabe EHZ egingo

Bizkaie! 2017-12-22 08:20   Musikea

Dana dala, dinamikeari eutsi nahi deutsiela dinoe antolatzaileek.

EHZko kideen agerraldia (argazkia: EHZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal musikea eta eredu alternatiboa ardatz, erreferente bihurtu da azken urteotan Ipar Euskal Herriko EHZ Jaialdia. 2017ko edizinoa, baina, azken unean bertan behera itxi behar izan eben, euriteakaitik. Jentearen alkartasun olde bati eta aseguru-etxeek emondako kalteordainari esker aurrera urten ahal izan dabe alderdi ekonomikoari jagokonez, baina, halandabe, 2018an, EHZ ez antolatzea erabagi dabe; gogoetarako tartea datorrela dinoe, ondoren indarbarrituta bueltetako.

Hainbat arrazoi aitatu ditue antolatzaileek erabagia azaltzeko. Batetik, diruarena. 2017ko edizinoaren hutsari zelan edo halan aurre egin deutsie, baina EHZk lehendik be zorrak izan arren, ezin izan ditue kitatu. Bestetik, kontu ekonomikoei aurre egitea ahalegin handia danez, jaialdiaren gorabeheretan sartzeko ia astirik be ez dabe antolatzaileek.

Beraz, 2018an EHZ egingo ez dan arren, antolatzaileek ez dabe proiektua amaitutzat jo, dinamikeari eutsi nahi deutsie eta. Lehenik eta behin, jaialdiaren laguntzaileakaz batzartu nahi dabe, egoerearen inguruko diagnostikoa egin eta aurrera begirakoak zehazteko. Bestetik, 2019rako zeozer antolatu nahi dabe, baina oraingo ahalmenera egokitua.

Ganera, EHZren espiritua ez daiten galdu, ekitaldi txikiagoen zikloa antolatzeko asmoa dago, Zirimola izenburupean. 2017ko EHZ bertan behera geratu zanetik, jaialdiari laguntzeko hitzordu ugari egon dira eta, batez be, urrian Ezpeletan egindakoa gogoan hartu dabe antolatzaileek. Horren moduko gehiago nahi ditue Zirimolan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu