Aisialdirako 450 jarduera atondu ditue umeentzako Bilbon

Bizkaie! 2017-12-20 09:32   Kulturea

2017ko Gabonetako gidea kaleratu dau Udalak.

Hainbat erakundek neguko oporretarako atondu dituen programak jasotzen ditu Umeentzako 2017ko Gabonetako Gida-k. Aplikazino honegaz, 3 eta 13 urte bitarteko umeek danetara 450 jardueratan parte hartu ahal izango dabe urtarrilaren 8ra arte.

Bederatzi urte dira jada Bilboko Udala gida hau argitaratzen hasi zala, eta zazpi edizino digitalean. Ibilbide honetan, 50.000 bisita baino gehiago izan ditu. Aplikazinoa erreza da erabilteko, bilaketa bat egiterako momentuan, familiek urian atondutako jardueretan klikatu behar dabe eta horretarako hainbat erespide erabili daikiez: edadeak, hizkuntzak, erakunde antolatzaileak, egunak eta orduak.

Umeentzako 2017ko Gabonetako Gida-n, familiek jarduera-eskaintza zabala izango dabe; tailerrak, erakusketak, kalejirea... Uriko zortzi barrutietan izango dira ekimen guztiak eta Gabonei lotuta dagoz horreetako asko, Olentzero eta Maridomingiren bisitea adibidez.

Jarduera gehienak doban izango dira, euskeraz eta gaztelaniaz.

Erakundeek atondu dituen ekimenez gan, Udalak be programazino zabala aurkeztu dau Gabonetarako. Jardueren artean dagoz, Zeu Moldatu! tailerra, 8 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendua. Gabongune programea 5 eta 8 urte bitartekoentzat eta Gabonkide 9 eta 11 bitartekoentzat. Umeak abenduko azken astean alkartasunaren, abegiaren eta eskuzabaltasunaren balioetara hurreratuko dira, aldi berean persona ahulenentzat diran proiektu eta ekimenen bidez. Goizez izango da ekimena Alkartasuna piloka lelopean.

Horrezaz gan, uriko 6 eta 13 urte bitarteko gaztetxuek taldeka jolasak, igeriketea, padela, tenisa eta saskibaloia aukeratu ahal izango ditue Bilbao Kirolak erakundeak atondutako Gabonetan Primeran Kirola Eginez 2017-2018 programearen bidez. Jarduera honeek Deustuko, San Inazioko, Txurdinagako eta Zorrotzako udal kiroldegietan izango dira.

Era berean, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, Azkuna Zentroak Gabonak Arte programa ludiko-hezitzailearen seigarren edizinoa atondu dau. Ikuslea protagonistea bihurtzen daben sormen-esperientzia moltsoa da, esperimentatzeko eta bakotxaren jakin-mina indartzeko aukerea eskainiz.

Arriaga Antzokian, bestalde, urtarrilaren 3tik 5era bitartean Opera Txikia izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu