The Chemical Brothers kartelburu izango da Bilbao BBK Live-n

Bizkaie! 2017-12-20 12:14   Musikea

Garagarrilean Kobetan joko dabela baieztau dabe jaialdiko antolatzaileek.

The Chemical Brothers | Ikusi handiago | Argazki originala

Gorillaz eta The XX izan dira Bilbao BBK Live jaialdiko kartelburuak 2018ko edizinorako. Antolatzaileek hirugarren talde bat gehitu deutsie zerrenda horri, The Chemical Brothers hain zuzen. Musika elektronikoan ekarpen barritzaileak egiteagaitik egin da ezagun Tom Rowlands-ek eta Ed Simons-ek gidatutako taldea. Abesti arrakastatsu ugari dituanez eta formatu handiko emonaldietan abila danez, mundu guztiko musika jaialdietan ohikoa da bikote ingeles hau.

The Chemical Brothers ospetsuakaz batera, beste talde asko egongo dira Kobetako oholtzan. Banden Lehia irabazi barri, Aneguria rap abeslari bizkaitarrak kontzertua emongo dau, hip hop raggamuffing eta freestyle doinuak oinarri dituala. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten dau Aneguriak.

Cecilia Payne laukote bizkaitarra be BBK Liven izango da 2018an. Garage rock estiloa eta 90eko hamarkadako grungea dira euren musikearen oinarria. Melenas laukote nafarrak, ostera, melodia sendodun underground musikea eroango dau Kobetara. Emakumeak dira talde horretako kide guztiak.

Ganera, nazinoarteko beste talde askok Bilboko jaialdian joko dabela baieztau barri dabe antolatzaileek: Benjamine Clementine, Fischerspooner, James, Young Fathers, Jungle, Ana Curra, Cooper, Carolina Durante, Quentin Gas & Los Zíngaros eta Yonaka dira.

Horreei talde guztiei lehendik iragarrita egon diranak gehitu behar jakez. Beraz, 2018ko Bilbao BBK Live jaialdiaren kartela itxurea hartzen hasi da. Garagarrilaren 12tik 14ra bitartean izango dira kontzertuak eta sarrera zein bonoak salgai dagoz dagoeneko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu