37 obra barriztau ditu aurten Bilboko Arte Eder Museoak
2017-12-19 13:16 KultureaPello Irazu, Eduardo Chillida, Aurelio Arteta eta Francisco Durrioren obrak dagoz tartean.
Bere bilduma iraunkorreko artelanak zaharbarritzeko programearen emoitzak aurkeztu ditu Bilboko Arte Eder Museoak, 2017an egindako lan guztiaren barri emoteko ekitaldi baten. Danetara, 37 obra barriiztau dira, Iberdrola enpresearen babesa daukan programa horren bidez. Sasoi, jatorri, estilo eta formatu ugaritako piezak dirala azpimarratu dau museoko zuzendari Miguel Zugazak.
Eskulturea, pinturea, zeramikea, papel ganeko ilustrazinoa eta abar dagoz zaharbarriztautako lanen zerrendan. Obra bakotxak bere historia eta testuingurua dituan ezkero, ez ditue danak batera erakusketa baten batu, aurreko urte batzuetan egin daben legez. Bakotxa jagokon aretoan itxi dabela dino Miguel Zugazak. Dana dala, 2017an zaharbarriztautako obra guztien azalpen-txartelari ikur berezia ipini deutsie, bisitariek identifikau daiezen. Ganera, 37 obra horreek ikusteko ibilbidea batzen dauen eskuorria emongo deutsie publikoari.
Obra bakotxa barriztutea erronka profesional handia izan da, adierazo dau Zugazak. Museotik kanpoko aditu askoren laguntzinoa izan dogu. María José Ruiz-Ozaita izan da lantaldearen arduraduna, museoaren Zaharbarrizte eta Konserbazino Saileko burua be bera dan ezkero. Bizirik dagozanen kasuan, artisten laguntzinoa izan dabela be aitatu dau Ruiz-Ozaitak: Artistakaz beti alkarlanean ibilten gara piezeari zer jazoten jakon aztertzeko orduan, gero zer egin adostu egiten dogu eurekaz. Kasu batzuetan, piezen montajerako be autorearen lankidetzea izaten dabe.
Zaharbarriztautako piezen artean, museoaren sarbideak apaintzen dituen eskultura monumental biak dagozala nabarmendu dau Miguel Zugazak. Batetik, Eduardo Chillidaren Topalekua IV porlanezko egitura handia. Bestetik, Juan Crisóstomo Arriagaren omenez Francisco Durriok egindakoa. Azken hori barriztetea nekeza baina polita izan dala dino Zugazak, eskultureari bizia emoten deutsan ur-txorrota berreskuratu ahal izan dabelako.
Aretoetako obren artean be, goi mailako piezak barriztau ditue: Euskal autoreen artean aitatzekoak dira, esate baterako, Ricardo eta Ramiro Arrueren 13 esmalte, Aurelio Artetak Bilboko Sendeja kaleari egindako margolana eta Pello Irazu artista garaikidearen pieza koloretsua.
Bestetik, Ricardo Cataniaren izenburu bako artelan bat, 1988-89koa, lehenengoz ikusi leiteke museoan, 2017an dohaintzan jaso eta zaharbarriztau eta gero. Nabarmenak dira, era berean, Alfar de Manisesen 1500 bueltako zeramikea, Pedro Serraren 14. mendeko pintura bi, Jan van Kesselen 17. mendeko natura hila, Luisa Roldanen Piedadearen eskultura ikusgarria eta abar.
Papel ganeko obrei jagokenez, Roberto Laplazaren 19. mende amaierako hamabi marrazki barriztau ditue, ikatz-ziriz, arkatzez eta tintaz eginak. Aurreko hiru urteetan papel ganeko obrak konpontzeko asmoz hasitako lanaren parte da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!