'Argazkiak mintzo: gure historiaren erretratu-geruzak' Eibarko kaleetan

Bizkaie! 2017-12-19 09:35   Kulturea

Urtarrilean, lekuak ganoraz atondu ondoren, beste hiru argazki jarriko ditue Ermuko sarreran.

Eibarreko Ego Ibarra batzordearen aurtengo lan-plangintzan, herriaren memoria bisuala indartzea zan helburua. Horretarako, Ipuruako futbol zelaiaren sarreran, Untzagako Jubilatu Etxearen aurrealdean eta Karmengo eleizearen ondoan hiru argazki handi jarri ditue bart: Emakumeen Eibar futbol taldea-rena (1971); Urkizu aldearen bista orokorra (1960), eta Untzaga plazea eta kiosko zaharra, 1910eko argazkia.

Emakumearen presentzia Ipuruako argazkian agiri da: Eibar emakumeen futbol taldea (1971), Ipuruako zelaian bertan jokatzen eban taldea. Ondokoak azaltzen dira argazkian: Marisol Lahidalga, Marivi Ocamica, Elena Perez, Elisabeth Aldalur, Judith Santos, Timo Treviño, Josune Sarasketa, Mertxe Baglietto, Marisa Gorrotxategi, Amelia Pintado, Almudena Urizar eta Conchi Alonso. Teknikariak gizonezkoak ziran: Mikel Iceta, Txemi Arregi eta Fito Saez. Argazkia Segundo Varela Petite argazkilari eibartarrena da.

Beste alde batetik, Industriaren indarra eta herriaren bilakabidea Urkizu aldea (1960) argazkiak dakarsku: Orbea fabrikea, txaleta, lorategiak eta eleizatxua hor agertzen dira; eskuman, Bittor Sarasketa aldea eta tren-geltokia, estaziñoa; ezkerrean, Urkizuko okindegia eta Lasa eta Azcoagaren fundizinoa. Argazki hori Eibarko Udal Artxiboak ondo gordeta daukazan milaka argazkietako bat da, eta Urigintza eta Obra Funtsak bildumakoa dogu.

Hirugarrena, barriz, Herriaren bihotza edo Untzaga plazea, horixe da 1910 inguruko argazkian azaltzen dana eta Eibarko Jubilatuen Etxeko kideek beren fatxadan jarteko aukeratu dabena. Sasoi haretan Alfontso XIII. Plaza izena eban eta musikako kiosko zaharra ikus daiteke, Beasaingo Udalari saldu eta gaur egun herri haretan dagoana. La Marcial Musika Bandeak domekero joten eban kiosko horretan. Argazki hori be Udal Artxiboaren eskuetan dago, Castrillo Ortuoste Fondokoa hain zuzen bere.

Urtarrilean, lekuak ganoraz atondu ondoren, beste hiru argazki jarriko ditue Ermuko sarreran, Azitaingo gasolindegiaren ondoan eta Toribio Etxebarria kalean.

Argazkiak dira mintzo; erretratuz erretratu goaz harilkatzen herriaren historia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu