Gabonetako musikeak girotuko ditu Bilboko kaleak
2017-12-14 12:18 MusikeaDanetara, 37 ikuskizun eskainiko ditue uriko abesbatzek eta musika eskoleak.
Abesbatzak Euskal Herrian errotuen dagozan musika-adierazpen nagusienetakoak dira, eta aurten be ahotsakaz eta musikaz beteko ditue Bilboko Gabonak. Betiko abestiak uriko barruti guztietan entzun ahal izango dira abenduaren 15ean eta 16an, bihar eta etzi, herritarrak kalera urten daitezan bultzatu nahian, jai giroaz disfrutau eta Gabonetako erosketak tokiko dendetan egin deiezan.
Udalak atondu dau ekimen hau Gabonetako programazinoaren barruan, Bilbao Dendak alkarteagaz, Udal Musika Eskoleagaz, Bizkaia ikus-entzunezko kateagaz eta auzoetako merkataritza-alkarteagaz lankidetzan. Programazino hori kultura arloko 400 jarduera inguruk osotuten dabe, baita askotariko eta kalidade oneko eskaintzea dauen merkataritza-sektoreak be. Antolatzaileek adierazo dabenez, urteko sasoi honetan, erakargarria izaten da Bilbo, bai turistentzat, bai Bizkaia osoko herritarrentzako be.
Holan, Bilboko Udal Musika Eskolako taldeek, orfeoiek eta abesbatzek, danetara, 29 taldek, uriko hamahiru merkataritza-eremu girotuko ditue 18:30etik 20:30era, bihar eta etzi. Zapatuan, ganera, giro ludikoaz eta musikeaz disfrutetako aukerea egongo da goizean, 12:30etik 14:00etara.
Honako auzo eta merkataritza-eremu honeetan entzun ahal izango da Gabonetako musikea: Alde Zaharra-Erriberako Merkadua, Zorrotza, Abando, Indautxu, Deustu, Rekalde, San Inazio-Ibarrekolanda-Elorrieta, Otxarkoaga, Santutxu, Txurdinaga, Basurtu, Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zabala eta Uribarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!