Izarok zezeilean plazaratuko dau bigarren disko luzea
2017-12-13 11:09 MusikeaEason izenburua ipiniko deutso abeslari mallabiarrak.
Om izeneko lehenengo diskoagaz erantzun ederra izan eta gero, hurrengo proiektua be ia prest dauka Izaro Andres mallabiarrak. Eason izeneko lana zezeilean plazaratuko dauela iragarri dau. Izena dauen guztia bada, beraz disko hau jada bada, azaldu dau sare sozialetan zabaldutako mezuan.
Donostiari egiten deutso erreferentzia izenburuak, izan be, Izaro mallabiarra dan arren, Donostian be luzaro bizi izan da eta lotura estua dau uri horregaz: Topaketa bat kontau nahi izan dot disko honetan, neure burua topetea, hain zuzen be. Batzuek askotan topetan dabe norbera, modu askotara eta leku askotan; beste batzuek, ostera, sekul. Ni behin baino gehiagotan topau nazen arren, era berezian presente daukat Donostian topau nazenekoa, aitatu dau. Hain zuzen be, norbere buruagaz topo egitearen sensazino hori da disko barriaren ardatza, galduta zagozala konturatzetik zoriontasunera dagoan bide hori.
Izarok ganeratu dauenez, bigarren lan luze hau lehenengoa baino kontzienteagoa da zentzu askotan: Banekian bigarren hau etortea nahi nebala, banekian nogaz egin, zelan, nondik eroan nahi neban eta zertarako. Baina lehenengo lan haretan legez, ez nekian nora, eta itxiko deutsat denporeari azken hori erabagiten.
2016an, Om plazaratu ebanetik ez da geldirik egon Izaro: zuzeneko emonaldi ugari eskaini ditu eta kolaborazinoren baten be ikusi ahal izan dogu, adibidez 20. Korrikaren abestian eta Gatiburen bideo baten. Horrezaz gan, amaitu barri dan Durangoko Azokarako disko labur bat argitaratu eban, Hankapuntetan, Iker Laurobagaz batera. Lehenengo diskoko bersinoak eta beste konposizino berezi batzuk sartu ditu bost abestiko lan txiki horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!