AZ Play Lehiaketan % 73 hazi da parte-hartzea

Bizkaie! 2017-12-13 09:47   Kulturea

Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko VIII. Jaialdiko sariak banatu ditue Bilbon.

Bilboko Azkuna Zentroak zortzigarrenez antolatu dau AZ Play, kulturan eta industrian eragina daukien bideo-jokoen alde egiteko asmoz. Bertoko eta kanpoko sortzaileak batu dira eta hitzordua gero eta finkatuago dagoala argi ikusi ahal izan da: Lehiaketan parte hartu dabenen kopuruak % 73 egin dau gora igazko edizinotik hona eta 63 herrialdetatik heldutako 432 bideo-joko batu dira Bilbon.

AzPlay 2017ko sariak banatzeko ekitaldian, bideo-jokoaren hainbat arlotan lanean dabizan personen sormena eta barrikuntzea aintzat hartu dira. Lehiaketa honetan, antolatzaileek bost kategoriatan saritu ditue sortzaileak: Ideia originalik onenaren saria, Arte bisualik onenarena, Soinu-musikarik onenarena, Jolas-aukerarik onenarena eta Euskal bideo-jokorik onenarena.

Kategoria bakotxeko irabazleei 5.000 euroko saria emon deutsie. Ganera, bideo-joko finalisten artean, bi aukeratu ditue 2018ko Nordic Game Discovery Contest-en parte hartzeko. Azkuna Zentroak antolatzen dauen AzPlay Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko Jaialdiaren VIII. Edizinoaren epai-mahaia Teddy Florea, Miguel Angel Alvarez, Juan Manuel Moreno eta Jose Maria Martinez Burgosek osotu dabe. Honeek izan dira sarituak:

Ideia originalik onena: Distorsions. Among Giants.

Arte bisualik onenaren saria: Old Man’s Journey. Broker Rules.

Soinu-musikarik onenaren saria: Figment. Bedtime Digital Games.

Jolas-aukerarik onenaren saria: Rock of Ages 2. ACE Team Software.

Euskal bideo-jokorik onenaren saria: Unforgiven VR. Delirium Studios.

AzPlay-k bultzadea emon nahi deutse bideo-jokoaren arloko bertoko enpresei, eta industria-ehuna sortu, sektore horretako euskal enpresen proiekzinoa errazteko, antolatzaileen arabera. Lehiaketea da topaketearen ardatza, baina herritar guztiei zuzendutako jaialdi zabala da. Ekintza ugaritan parte hartu ahal izan dau publikoak, esaterako, bideo-jokoak probetan, tailerretan, mahai-inguruetan, eta berbaldietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu