Musika baltza nagusi izango da Bilbon aste honetan
2017-12-12 12:13 MusikeaBlack Experience jaialdia datorren eguenetik domekara ospatuko da.
Ekimenak musika baltzez zipriztinduko ditu Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak abenduaren 14tik, eguena, 17ra, domeka. Bilbao Black Experience jaialdia musika estilo honen zaleen eta profesionalen arteko topaketea da. Bertan, kontzertu akustikoak, ikastaroak, tailerrak, argazki erakusketak edota film-emonaldiak, bata bestearen atzetik, izango dira lau egunez.
Antolatzaileek adierazo dabenez, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako kultura aniztasunaren eta bertan dagozan mobimendu artistiko eta sozialen garrantziaren ondorioz ospatuko da jaialdia, koherentzia soziala indartzeko, jarduerak auzo horreetako merkataritzan eta establezimendu turistikoetan dauen eragin ekonomikoari esker. Aldi berean, urian eta Euskal Herrian bizi diran musika baltzaren sortzaileen, produktoreen eta interpreteen lana bultzatu nahi da.
Bilborock Aretoa, Berreginen Museoa, Mariaren Bihotza plaza edo Martzana kaia dira topaketarako aukeratu dituen eszenatokietako batzuk. Kutsu solidarioa izango dau topaketeak; izan be, hilaren 15ean, barikuan, kontzertu bat eskainiko da eta batzen dan dirua Bizkaiko Elikagaien Bankuari emongo deutsie.
Hiru auzo horreetako, uritar, merkatari eta kultura alkarte eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Dendak alkartearen laguntzinoagaz atondu dau jaialdi hau Udalak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!