Emakumeek egindako hip-hop jaialdia izango da Bilborocken
2017-12-12 11:15 MusikeaBazter Fest ekimena zapatuan ospatuko dabe.
Eskina Femenina kolektiboak eta Bilboko Udalak Bazter Fest jaialdiaren hirugarren edizinoa atondu dabe datorren zapaturako, hilak 16, Bilborock aretoan. Programeak helburu bikotxa dau: alde batetik, Ibaiondoko barrutiko kultura eta gizarte arloko ekimenak ezagutarazotea eta bultzatzea, eta bestetik, emakumeek hip-hopean egiten daben lana eta euren presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea. Izan be, musika estilo horretan sortzen daben emakumeek euren jarduerea ikusgai bihurtzeko beharra dabe, gizonak nagusi diran munduan.
Bazter Festek arrastiko 19:00etan edegiko ditu ateak, Hibernando Estudios-ek eta MarifxAria-ek aldi berean egingo dituen Stencil tailer bigaz. Lehena sormena lantzen dauen eta besteak beste, grafitien eta uri-artearen arloko esperientzia erakusten dauen taldea da. Bigarrena, barriz, ilustratzailea eta diziplina ugariko artistea da, baita Eskina Femenina kolektiboaren logoaren diseinatzailea be.
Eguneko bigarren ekitaldia arrtsaldeko 20:00etan hasiko da: raparen estetikearen ganean hausnartzeko mahai-ingurua; esterotipoei, klixeei eta erreferenteen ganean eztabaidatzeko aukerea egongo da bertan.
Bazter Festeko programazinoak estadu osoko hip hopeko bost artistarik esanguratsuenen emonaldiagaz segiduko dau. Irungo Natsu Monk-ek emongo deutso hasierea, eta jarraian honako honeek izango dira: La Ziega (Galizia); Ms Maiko; Starr (Madril) eta Zeidah (Bartzelona).
Amaitzeko, goizaldeko 01:00etik aurrera, Txankleta DJak emakumezko MC-en itzuli bat gidatuko ditu. Emonaldi horretan, besteak beste, La Basuk eta Aneguriak parte hartuko dabe.
Artista bi honeek dira hain zuzen, hip-hoparen kulturearen barruan emakumeei laguntzinoa emoten deutsen Eskina Femenina proiektuaren arduradunak. Idazketa-tailerrak emoteaz gan, ekitaldiak sortzen ditue agertokietara igotea erabagiten daben emakume guztiakaz, musikearen barruan merezidu daben lekua emonez.
2017/12/16 19:00
BilborockenErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!