'Gabonetako Soinuak' kontzertua egingo dabe zapatuan Bilbon
2017-12-12 10:20 MusikeaUmeentzako emonaldi hau Euskalduna Jauregian izango da.
Gabonetako Soinuak kontzertua euskaldunon egutegian egun seinaladua bihurtu dala dinoe antolatzaileek, aurreko edizinoetan izandako erantzun onak bermatuta, tokiko talenturik gazteena barriro izango da Bilboko eszenan.
Bizkaiko Euskera eta Kultura diputadu Lorea Bilbao ekimenaren aurkezpenean izan da eta adierazo dauenez, Gabonetako Soinuak kategoria handiko kontzertua da eta bertan kalidade oso handiko umeen ahotsek argi erakusten deuskue talentua bizirik dagoala Bizkaian, eta emonaldiak gaztetasuna, talentua eta kalidadea batzen dituala ganeratu dau.
Kontzertuari hasierea emoteko, Bilboko Koral Alkarteko ahots gazteenek, Anus Cividian piano-jotzaileak lagunduta, ondoko abestiak kantauko ditue: A. Snyderren Amani, L. Cohenen Hallelujah, R. L. Hughen Clear Water, R. E. Schramen Sing We All Noel, J. Rutterren The Colors of Christmas eta J. Elberdinen Bidetik datoz. Ostean, José Luis Ormazábalek Basilio Astulezi emongo deutso makilea, eta honek, Itziar Barredo piano-jotzailea, Ander Lekue perkusionistea eta Kantika Koralagaz batera, ondoko obrak eskainiko ditu: M. Smileyk moldatutako Bring me Little water, Silvy, E. Esenvaldsen Spring, the sweet spring, E. Podgaitsen Benedictus, X. Sarasolaren Identity, J. Felicianoren Feliz Navidad, E. Laschkevitzek editautako Samba Lelê eta Beyoncéren Single Ladies.
Ondoren, Gaudeamus Koralak, Julia Foruriaren zuzendaritzapean, Gabon-kantu honeek abestuko ditu: El Tamborilero eta Carol of the bells, J. Elberdinek harmonizauta; Handelen Hallelujah-ren M. Warren eta M. O. Jacksonen bersinoa; eta doinu tradizionalak, A. Werinen Suo-gân sehaska-kantuaren R. E. Scharamen moldaketea, eta I. Gonzalez eta U. Sorazuren Neguaren Baitan. Gaudeamus Koralak ondoan izango ditu, oholtzan, Jon Artetxe piano-jotzailea, Xabier Gabiola tronpeta-jotzailea, eta Irati Zabala eta Nerea Quincoces perkusionistak.
Amaierea emoteko, hiru koruek alkarregaz abestuko dabe Juan Tony Guzmánek moldatutako Cantemos a María.
Egitarauak leku eta sasoi oso desbardinetatik egingo dau ibilbidea, Euskalduna Jauregian. Sarrerak dagoeneko salgai dagoz.
Gabonetako Soinuak kontzertua Bilboko Koral Alkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta La Caixa Gizarte Ekintzearen laguntzinoagaz antolatzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!