Durangoko Azokako guneak gero eta garrantzitsuagoak dirala dino Gerediagak

Bizkaie! 2017-12-11 13:53   Kulturea

Antolatzaileek dinoenez, 7,2 miloe euroko eragin ekonomikoa izan dau 52. Azokeak.

Argazkia: Durangoko Azoka | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzo amaitu zan Durangoko Azokearen 52. edizinoa eta antolatzaileek balorazino ona egin dabe. Bost egunez, 110.000 bisitari hurreratu dira eta, Gerediaga alkarteak nabaritu dauenez, egitarauan pisua hartu dabe guneek, hau da, Szenatokiak, Kabi@-k, Ahotseneak eta bestelakoek. Jenteak gero eta gehiago egitarauari begiratzen deutso plana egiteko orduan.

Bisitarien kopuruari jagokonez, antolatzaileek ontzat jo dabe. Lehenengo eguna, abenduaren 6a, izan zan jentetsuena, eta azkena, 10a, lasaiena. Bisitarien profilaren aldetik, hilaren 7a izan zan bereziena, Ikasleen Eguna izan zan eta. Jai egun biren arteko laneguna izan arren, gazte asko joan ziran. Hortaz, Gerediaga alkarteak dino egun horri eutsiko deutsiela hurrengo edizinoetan be.

Salmentak zelan joan diran argitaletxe eta diskoetxe bakotxak esan beharko dau, baina orokorrean asko saldu dala emoten dau. Durangoko Azokeak ekonomian eragina izan badauela azpimarratu dabe antolatzaileek, esaterako aurtengo edizinoak 7,2 miloe euroko eragina izan dau. Bestelako ekarpena be handia izan dala dinoe: Neurtu ezin dan ekarpena egin dau beste urte batez Azokeak, sortzaile barriak bultzatzeko bozgorailua izan da, zuzeneko hartu-emonerako eragilea, transmisinoa bermatzeko tresnea…, dinoe Gerediagakoek, euskal kulturea bizi-bizirik dagoala erakutsi deusku.

Guneak erreferente bihurtzen hasi dira, bakotxa bere alorrean; Kabi@n, mundu digitalaren gunean, izatetik ekitera pasau dira, jentearen parte-hartzea handiagoa izan da, zenbakietan zein jarreran. Ahotseneak 10 urte bete ditu, eta ospatze-giroa bizi izan dabe bost egunez. Gune bietan igaz baino jente gehiago ibili da. Zuzenekoen karpan musikeak inoz baino aniztasun handiagoa izan dau estiloetan, musikea be aldatzen doalako. Solasaldien gunean, harrera ikaragarria izan dabe emakumeek idatzitako liburuen aurkezpenek.

Azoka TB beste urte batez kulturearen leihoa izan da, sormenaren lurraldetik harago eroateko eta ezagutarazoteko bidea. Irudienean, 30 ikus-entzunezko lan baino gehiago aurkeztu ditue, eta aurten sortzaileek kalidadea, aniztasuna eta euskerea jarri ditue erdigunean. Saguganbara, txikien plazea, gero eta handiagoa da, areto handia beteta egon da saio guztietan.

Szenatokiaren kasuan, antolatutako ekimenetan publikoaren erantzun ona izan dabe: Ele!, mikroantzerki maratoia, Ikasle Eguneko sei paseak beteta egon ziran... Plateruenan, nabarmentzekoa da Glaukomaren kontzertuan sarrera guztiak agortu zirala.

Behin aurtengoa amaituta, 53. edizinoari begira jarri da Gerediaga. 2018ko abenduaren 5etik 9ra bitartean egingo dabe. Lehenengo aldiz, Sormen Beka barriaren deialdia egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu