Euskal Herriaren eta itsasoaren arteko loturea liburu baten batu dabe

Bizkaie! 2017-12-10 11:29   Kulturea

Albaola itsas faktoriaren ekimenez plazaratu dabe Euskal Herria itsastarra.

Durangoko Azokan aurkeztu dabe 'Euskal Herria itsastarra' | Ikusi handiago | Argazki originala

San Juan baleontzia da Albaola proiektuaren abiapuntu eta funtsa. 16. mendeko euskal ontzi hori Kanadako uretan hondoratu zan eta, bost mendez ur azpian egon eta gero, haren aztarnak berreskuratu zituen 1970eko hamarkadan. Kanadan batutako material eta datuetan oinarrituta, ontziaren erreplika zehatza egiten dabiz Pasaiako lantegian. Hain zuzen be, Euskal Herria itsastarra liburuaren oinarria be San Juan Baleontzia da.

Albaolako kide Xabier Alberdik Landako guneko aurkezpenean azaldu dauenez, Euskal Herriak itsasoagaz izandako lotura historikoa modu zehatz baina dibulgatibo baten agertzea da liburuaren helburua. Horretarako abiapuntua, San Juan baleontzia da, euskaldunek eta itsasoak izandako hartu-emonaren lekukorik onena da eta. Munduan ondoen ezagutzen dan 16. mendeko ontzia da San Juan, dino Alberdik, eta mende hori ez da edozein, europarrak munduko bazter guztietara heltzeko gai zirala erakutsi eben mendea izan zan, globalizazinoa hasi zanekoa.

San Juan denporearen kapsula baten modukoa dala dino Alberdik. Azken baten, Kanadako ur hotzek bost mendez gorde ditue 16. mendeko euskal baleazaleen objektuak, baita ontziaren egiturea be. Horri esker jakin ahal izan doguz orduko bizimoduaren nondik norakoak. Alberdiren esanetan, Euskal Herriaren historia guztiz lotuta dago itsasoari, aintzindari izan ziran gure arbasoak. Itsasoak ikaragarrizko eragina izan eban gure herrian, baina, ganera, Euskal Herriak berak eragin sakona izan eban itsasgintzan, herri itsastarra ginan.

Edonorentzat aproposa dan liburu dibulgatiboa da Euskal Herria itsastarra. San Juan baleontziaren historiatik abiatuta, azken mendeetako euskal itsasgizonen, itsasontzien eta abarren azalpena emoten dau. Atzerriko ikonografia albo batera itxi eta berton topautako datuetan oinarritu dirala azpimarratu dau Alberdik: Gure herrietan badago ikonografia aberatsa han eta hemen, adibidez armarriak, koadroak eta abar.

Ganera, alde estetikotik be ahalegin handia egin dabe, liburu erakargarria plazaratzeko asmoz. Argazkiz, marrazkiz eta abarrez ondo horniduta dator Euskal Herria itsastarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu